EH Bilduren Sopelako Udal Gobernuak deituta, 40 bat lagunek egin dute ordu laurdeneko kontzentrazioa, gaur eguerdian, udaletxe sopeloztarraren aurrean. Madrilen izan den Felipe VI Espainiako errege eta Bizkaiko jaunaren koroatzea gaitzetsi eta Euskal Errepublika aldarrikatu dute modu horretan, ikurrinak eta nafar ikurrak eskuetan hartuta. Kataluniako bandera ere ikusgai egon da, bateratzea TV3 Kataluniako telebista publikoaren arreta piztu duela eta. Elkarretaratzean izan dira Saioa Villanueva alkatea, Alain Goldaraz alkateordea eta Fernando Garcia zinegotzia; Iker Rodrigo Sortuko kidea; udaletxeko hainbat langile; herri mugimenduko kideak eta auzokideak. Kontzentrazioari irrintzi bik eman diote amaiera. Argazkian, gaurko kontzentrazioa Sopelako udaletxe aurrean / © Sopelako Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!