Irailaren bukaeran epaitzen hasiko dira Imanol Beristain itzubaltzetarra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko eka. 23a, 17:34

Urria eta urtarrila bitartean epaitutako 40 neska-mutilei, tartean Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarrari, absoluzioa eman zien orain bi aste Espainiako Auzitegi Nazionalak. Akusazio partikularrak eta Fiskaltzak adierazi dute errekurtsorik ez dutela aurkeztuko. Beraz, epaia irmoa da. Horiek horrela, irailaren 22tik aurrera beste 28 gazte epaituko dituzte Madrilen, tartean Imanol Beristain Gutierrez "Lolo" itzubaltzetarra dela. Horiei ere Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea leporatzen diete, bakoitzarentzat sei urteko espetxe zigorra eskatuz. Bada, oraingo 28ek epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuten larunbatean egindako agerraldian, haien aurkako frogak absolbituen aurkakoen “berdin-berdinak” direlako. Gaineratu zuten epaiketak lau hilabete iraungo duela, eta horrek gastu ekonomiko nabarmena ekartzeaz gain, "beraien bizitzetan (lanean, ikasketetan, eta abar) eragin zuzena" izango duela. Ohartarazi zuten, gainera, dagoeneko 795.000 euro ordaindu dituztela fidantzetan, bakoitzak urtebete pasa igaro baitzuen espetxean. Imanol Beristain itzubaltzetarrari dagokionez, kartzelan 16 hilabetez preso egon ostean, 2012ko otsailaren 27an zeharkatu zuen Madrilgo Alcala espetxeko atea. Senideek 30.000 euroko fidantza ordaindu behar izan zuten. Argazkian, harrera beroa eskaini zioten Beristaini 200 auzokidek, espetxetik irten zenean.

Beristain 2010eko urriaren 22an atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Fernando Grande Marlaska epaileak Segiko Ipar Uribeko arduraduna izatea leporatu ziola. Bost egun beranduago, itzubaltzetarrak tratu txar fisiko zein psikologikoak pairatu zituela salatu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Besteak beste, poltsa, kolpeak eta mehatxuen berri eman zuen. Harrez gero, prebentibo egoeran izan zuten Alcala espetxean, Getxotik 413 kilometrotara.

Kartzelan egon zen bitartean, alaba izan zuen Imanolek, kalera atera arte aurrez aurreko bisitetan baino ez zuena ikusi. Beristainen egoera salatzeko makina bat mobilizazio egin zuten bere herrikideek zein Algortako San Nikolas ikastolako lankideek, tartean Itzubaltzeta / Romoko hiru auzokidek 5.000 eurotako isuna ordaindu behar izan zuten, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak haien aurkako zenbait salaketa jarri ondoren.

Gazte auzipetuen oharra:

Gaur, 2009 eta 2010. urteetan euskal gazteriaren aurka egindako makro operazioetan atxilotu, torturatu eta espetxeratu gintuzten gazteak elkartu gara hemen. Duela astebete eskas absolbitutako 40ak eta datorren irailean epaituak izatera deitu gaituzten 28ak.

Ba bai, horrela da, duela astebete eskas leku honetan bertan eman zuten gure artean dauden 40 gazteek beraien absoluzioaren berri, eta egun gutxi batzuen buruan jakin dugu gure aurkako epaiketa datorren irailean hasi eta abendua bitarte luzatuko dela.

Baina, zein zentzu du horrek? Gure sumarioa oraintxe bertan absolbituak izan diren 40 gazte hauenaren jarraipena zela esan ziguten, beraiek ordezkatu genituela, eta gainera, gure aurkako frogen artean inkomunikazioan burututako deklarazioak daude eta epaileak berak onartu du inkomunikazio aldi honetan ez dagoela berme nahikorik. Horretaz gain, gure aurka aurkeztu dituzten frogak, berdinak dira kasu gehienetan. Zergatik mantentzen dituzte gure aurkako akusazioak orduan?

Auzi honen barruan gauden gazteak 2010eko urrian eta abenduan burututako 2 polizia operaziotan eta ondoren, Izpuran burututako ekimenaren ondotik Ipar Euskal Herrian atxilotuak, inkomunikatuak eta espetxeratuak izan ginen. Gutariko askok, torturak pairatu genituen. Urtebete baino gehiago espetxean egon ostean, gure senide eta lagunek, orotara 795.000 euroko fidantzak ordaindu behar izan zituzten gure askatasunaren truke.

Aste honetan, ia lau urte geroago, epaituak izango garela jakinarazi digute. Epaiketa, irailaren 22an hasiko da eta abenduaren 18an amaitzea espero da. Guztira, lau hilabetetan zehar banatuko dituzten 30 saio izango dira, honek dakarren ondorio guztiekin ( arlo ekonomikoan, lan arloan, ikasketen arloan..). Bakoitzari 6 urteko espetxe zigorra eskatu digute, guztira 168 urtekoa.

Honen aurrean, honakoa adierazi nahi dugu:

- Salbuespenezko tribunal arrotz bat den heinean, Audientzia Nazionalak ez duela inolako legitimitaterik gu epaitzeko. Soilik Euskal Herriak dauka gure lan politikoa epaitzeko eskubidea.
- Militantzia politikoa ez litzake sekula epaitua izan behar, are gutxiago egun bizi dugun testuinguru politikoan. Gure herrian fase berri bat ireki da gatazkaren soluziobidean eta errepresioak ez du lekurik.
- Gure bizitzaren esparru guztietan prekarietatea inposatzen digun sistema honen aurrean, euskal gazteriak eskubide osoa duela amesten duen etorkizun horren alde antolatzeko eta borrokatzeko. Guk konpromiso hori hartu genuela, mantentzen dugula eta mantenduko dugula. Kapitalismo heteropatriarkal basati honek gazteongan dituen ondorio larriak salatzen jarraituko dugula, eta baita amesten dugun Euskal Herria eraikitzen (lan baldintza duinak borrokatzen, emakumeon eskubideen alde borrokatzen, aisialdi eredu alternatiboak eraikitzen, bestelako hezkuntza eredu bat lantzen…) Independentziarako aukera inoiz baino gertuago dagoen une honetan, euskal gazteriari konpromiso kolektiborako deia egin nahi diogu.
- Honekin batera, euskal jendarteari herri gisa eta ideologien gainetik, gatazkaren konponbidearen ildoan aktibo izatera dei egin nahi diogu, alegia, elkartasunetik konpromisora jauzi egiten jarraitzea. Gatazka konpontzeko borondateak batzen gaitu, eta hori bedi euskal herritarren gehiengoaren konpromisoa aktibatuko duen elkargunea.

Azkenik, Estatu espainoleko botere legegileari, judizialari eta betearazleari honakoa eskatu nahi diogu: iraganeko estrategia errepresiboa bertan behera uzteko neurriak har ditzan eta gure epaiketa zein datozen hilabete eta urteetan egitekoak diren beste epaiketa guztiak bertan behera utz ditzatela Euskal Herriak eskatzen duen konponbidearen aldeko bide hartuz.

Euskal jendartearekin batera, Konponbidearen alde borrokan jarraitzeko, Gu ere libre!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun