Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaurko San Juan eguneko bezperako edo udako solstizio suekin kontuz ibiltzeko deia egin die herritarrei, beharrezko autobabes neurriak hartuz, suaren ondoriozko balizko istripuak saihesteko. Horrela, Segurtasun Sailak adierazi duenez, lehen gomendioa sua piztuko den lekuari buruzkoa da. Esaterako, suok zuhaiztietatik edo baratzeetatik aldenduta piztea gomendatu du Segurtasun Sailak, bai eta ibilgailu edo etxebizitzetatik 15 metro baino gehiagora piztea ere. Sua asfalto gainean eginez gero, egokiena metal lodiko xafla bat ipintzea da, asfaltoa babestu, eta kalte materialik ez eragiteko. Era berean, zura baino ez erabiltzea gomendatzen da, beti ere espraiak, plastikoak, pneumatikoak eta antzekoak baztertuta. Halaber, Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziak haize zakarra iragartzen badu, surik ez egiteko eskatu du, sugarrak hedatu daitezkeelako. Ildo horretan, gaur, ekainak 23, ekaitzengatiko alerta horia aktibatuta dago, 00:00ak arte. Argazkian, Arrigunaga hondartzako sua artxiboko irudian / © Getxo.net.