Kale gorrian utziko dute bihar Algortako sendi bat

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko eka. 23a, 23:32

Bihar, asteartea, goizeko 10etatik aurrera, Algortako Aldapa kaleko 23. zenbakian bizi den famili bat kale gorrian utziko dute, 30.000 euroko zor bati aurre egin ezin izateagatik. Familiaren auzokideek UKBERRI.NETi adierazi diotenez, gaur egin dute kaleratzea gelditzeko azkenaurreko saiakera, Getxoko auzitegietan, baina epaileek ez dute onartu defentsak aurkeztuta zeukan prozedura baliogabetzeko eskaera. Gauzak horrela, bihar goizeko 10ak baino lehen etxe hori babestera deitu dute, justizia-idazkariak eta ertzainek familia bota ez dezaten. Bestela, senar-emazteak eta 20 eta 28 urtetako bi semek atzean utzi beharko lukete urteetan berea izan den etxebizitza, egun mailegu enpresa batek salgai-hondar prezioan eskuratu duena. Auzokideen arabera, familiak ez dauka nora jo eta, gainera, seme batek duen ordukako lantxo bat kenduta partaide guztiak langabezian daude. Pasa den maiatzaren 13an, dozenaka lagunen babesa jaso zuten, tartean Euskal Herria Bilduren hiru zinegotzi, eta horri zein Sendia kaleratzeen aurkako plataformak abiatutako defentsa legalari esker behin-behinean gelditu zuten orduko etxe hustea. Argazkian, pasa den maiatzaren 13an bezala bihar kaleratzea gelditzera deitu dute.

Halere, familiak ohartarazi zuen etxerik gabe gelditzeko arriskua bere horretan mantentzen zela. Sendia, bere aldetik, penatuta agertu zen Imanol Landa Getxoko alkateak erantzun ez izanagatik eta Getxoko Gizarte Zerbitzuek etxe babesa ez emateagatik. Halere, Getxoko Udalak agindu zuen Gizarte Zerbitzuek "beren baliabideak eta laguntza eskaini" zizkiotela etxe-gabetzeko agindua duen familiari. Zorra orain bost urte sortu zen, komunitateari zor zioten 12.000 bat euro ordaintzeko mailegu emaile pribatu bati dirua eskatu ziotenean, interes tasa altuan.

Maiatzaren 13an gelditutako etxe-gabetzea argazkitan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun