Algortako Aldapa kaleko 23. zenbakian bizi zen familiak 30.000 euroko zor bati aurre egin behar zion. Halere, gaur Sendiak azaldu duenez, Jesus Alvarezek erdia baino ez zuen jaso 2009an, 500 euroko billetetan. Beste erdia, inoiz kobratu ez zuen txeke batean sinatu zioten. Izan ere komunitateari zor zioten 12.000 bat euro ordaintzeko eskatu zioten dirua mailegu emaile pribatu bati, interes tasa altuan. Horregatik, maula eta kapitala zuritze delituak egin zituztelakoan, bide penaletik salaketa jarri dute etxea eskuratu duen enpresaren eta jabearen aurka. Halere, Getxoko justizia jauregiko epaile dekanoaren babesik gabe maula hori burutu izana ezinezkoa izango zelakoan daude. Horregatik etxe-gabetzeko prozedura guztia baliorik gabe uzteko eskatuko dute. Rosa de La Fuente Sendiako eleduna oso ezkorra izan da Info7 irratian egindako elkarrizketan, herri honetan kaleratzeak noizbait erabat geldituko diren galdetuta, "putre guztiak honetaz ari baitira baliatzen negozioa egiteko".
Ezer barik
Senar-emazteak eta 20 eta 28 urtetako bi semek atzean utzi behar izan dute urteetan berea izan den etxebizitza, egun mailegu enpresa batek salgai-hondar prezioan eskuratu duena. Ertzainek ez diete utzi beraien gauzak hartzen eta, hortaz, soinean dutena besterik ez dute. Gaurko gauetik aurrera, Getxoko Udalak ordaindutako pentsioan lo egin ostean, familiak ez du izango nora jo, seme batek duen ordukako lantxo bat kenduta partaide guztiak langabezian daudela. Aitaren langabezi laguntzarekin batera, ozta-ozta heltzen dira hilero 800 euro irabaztera. Egoera horren aurrean, Aitor Torre Urresti Euskal Herriko Bilduren batzarkideak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio hutsik dituen 88 etxebizitzetako bat sendi honi uzteko.
Garaipen gazi-gozoa
Pasa den maiatzaren 13an, Aldapakoek dozenaka lagunen babesa jaso zuten, tartean Euskal Herria Bilduren hiru zinegotzi, eta horri zein Sendia kaleratzeen aurkako plataformak abiatutako defentsa legalari esker behin-behinean gelditu zuten orduko etxe hustea. Halere, familiak ohartarazi zuen etxerik gabe gelditzeko arriskua bere horretan mantentzen zela. Sendia, bere aldetik, penatuta agertu zen Imanol Landa Getxoko alkateak erantzun ez izanagatik eta Getxoko Gizarte Zerbitzuek etxe babesa ez emateagatik. Halere, Getxoko Udalak agindu zuen Gizarte Zerbitzuek "beren baliabideak eta laguntza eskaini" zizkiotela etxe-gabetzeko agindua duen familiari. Gaur, azken hori lau pertsonentzako pentsioa bilakatu da, gau bakar batez, Sendiaren arabera.
Gaurko etxe-gabetzea argazkitan (© Getxotik_aske eta Maribi Ugarteburu)