Onartutako testuak honakoa dio:
Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) hidrokarburoak bilatzeko saiakera asko egon dira. Gure lurraldeak hidrokarburoetan aberatsak ziren beste lurralde batzuekin zituen antzekotasunengatik, petrolio enpresentzat zonalde interesgarria zirudien. Hainbat saiakera egon diren arren, ez dira inoiz izan uste bezain arrakastatsuak.
Hala ere, gasa metodo berrien bidez bilatzeko munduan zehar dagoen bolada berri baten ondorioz, gure lurraldea lehentasunezko eremua bihurtu da berriro. Ezberdintasuna, kasu honetan, zulaketa horizontala eta etapa anitzetako haustura hidraulikoaren arteko konbinazioan datza. Fracking bezala ezagutzen da teknika hau eta Ipar Ameriketan garatua izan da.
Eusko Jaurlaritzak sistema honen aldeko apustua egin du, horren froga nabariena SHESA, %100an diru publikoko enpresa, gure lurraldean eman diren hidrokarburoen ikerketa baimenen bultzatzailea izan dela da. Ez da interesa duen enpresa bakarra, baina bai bere baimenekin lurralde eremu handiena hartzen duena.
Egitasmo hau 2005ean hasi zen, hainbat baimenen eskaerarekin, horietako lehena 2006an eman zelarik. Enara deritzon baimena ezagunena bada ere, 2014ko apirilean EAE-n emandako 11 baimen daude (Ebro A, E, D, Libra, Usoa, Enara, Mirua, Usapal, Urraca, Geminis eta Saia) eta eskatutako eta emateko tramitean dauden beste 6 (Pegaso, Lurra, Lore, Galileo, Sustraia, Landarre) ere. Baimen guzti hauek EAE-n zati handi bat hartzen dute: Arabaren %88a, Bizkaiko %78a eta Gipuzkoako %40a inguru.
Teknika hauek erabili diren zonaldeetan hainbat arazo sortu dira, hala nola edateko uraren kutsadura, mugimendu sismikoen agerpena, airearen kutsadura, lurren okupazio eta putzuen inguruan bizi diren biztanleengan osasun arazoak besteak beste. Gaur egun, fracking-ak dakartzan ondorio kaltegarriak hainbat txosten eta ikerketa zientifikoetan erraz egiaztatu daitezke
Hau dela eta fracking-a egiten ari diren edo egiteko asmotan dauden lekuetan biztanlegoaren aurkako jarrera gero eta nabarmenagoa da. Instituzioetan ere hasia da islatzen aurkakotasun hori, eta hainbat lekuetan fracking-a mugatzen edo debekatzen dituzten, adierazpenak, galdeketak, legeak eta abar onartuak izan dira. Adibide gisa, Vermont estatuak, AEB-etan edo estatu frantziarrak, europan, fracking-a debekatu dute beraien lurraldeetan. Guregandik gertu, Nafarroan, Errioxan eta Kantabrian fracking-a debekatzen duten lege autonomikoak onartu dira. Eta estatu espainiarrean 400 udalerritik gora izan dira bere burua "fracking gabeko udalerria" bezala izendatu direnak.
Teknika hau sortzen ari den arazoen aurrean, eta berauek agertzeko dagoen aukera aurreikusi eta eragozteko xedez, mozio honen helburu da udalerri honen mugen barruan teknika honen erabilera galaraztea.
Honen guztiagatik, Udalbatza honi aurkezten diogu akordio proposamen hau eztabaidatua eta onartua izan dadin:
1.-Sopelako Udalbatzak fracking-aren bitartez aztertu, ikertu edo ustiatu daitezkeen hidrokarburo ez konbentzionaletarako Ikerketa Baimen guztiak bertan behera geratzea eskatzen dio Hidrocarburos de Euskadi enpresa publikoari.
2.-Sopelako Udalbatzak fracking-aren aurkako jarrera aktiboa hartuko du Sopelako “Fracking gabeko Udalerri” izendatuz eta, ondorioz, “Fracking ez” seinalea egokien ikusten duen kokagunean jarriz.
3.- Frackingaren debekua eskatzen duen Herri Ekimen Legegilearen helburuarekin bat egiten duenez, Sopelako Udalbatzak udaletxeko harrera bulegoetan sinadurak jasotzeko orriak izango ditu eta herritar guztiak sinatzera gonbidatuko ditu.