Irregulartasun franko etxe-gabetzea eragin zuen maileguan eta auzian
Gauzak horrela, herritarrak aretotik bidaltzeak kontuak oker lituzkeelakoan Landak azken hilabetean familiari aholkua ematen ibili den Rosa de La Fuente Sendia plataformaren kideari hitza eman zion. De la Fuentek gogoratu zuen goizean AC Asesoria Integral a Empresas y Gestion de Creditos SL enpresak Jesus Alvarez (Udalbatzan egon zena), bere emaztea eta beraien bi semeen etxea poltsikoratu zuela, salgai-hondarra balitz, 92.000 eurotan, sendiak berarekin zuen 30.000 euroko zorra baliatuta. Erabateko maula izan zela eta kasuan mota guztietako irregulartasunak zeudela azaldu zuen, EAEko fiskal nagusia den Juan Kalparsorori horren berri eman ziotela gaineratuz.
Adi entzun ostean, Imanol Landa alkateak auzokideei hainbat erantzun eman zizkien, beti ez gustukoak. Argitu zien bera eta Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako familiarekin gaur biltzekoak zirela, Udalak zertan lagun zezakeen zehatzago ikusteko. Era berean, goizean Sendia plataformak iragarritakoaren aurka, familia ostatzeko eskaintza atzorako soilik ez, gaurko, biharko, etziko eta "arazoari konponbide bat bilatzeko artekoa" izango zela, mugagabe printzipioz. Halere, atzotik ez, familiarekin denbora luzez lanean ibilia zela Udalak, baina tokiko erakundeak maileguaren auzian pertsonatzeko aukera ez zuela izan esan zien eta egungo egoeran ikusi beharko luketela horren aukera legokeen. Ertzaintzarekin kaleratze operatiboan "kolaboratzeagatik" Udaltzaingoa kritikatu zutenei esan zien udaltzainak trafikoari heldu ziotela, "segurtasunagatik". Ertzainen jokabidearen inguruan ez zuen hitz bat bera ere egin.
Saioa etenda, mozioa baztertuta eta astebeteko atzerapena
Halere, azalpen horiek ez ziren nahikoak izan jendea lasaitzeko eta hainbat alditan eskatu zuten hitza. Hori dela eta, 40 minutuz Udalbatza eten zuen alkateak, auzokideei gauzak pribatuan azaldu eta baretuta joan zitezen. Saioa abiatu eta hiru ordu beranduago heldu zen Aldapa 23ko etxe-gabetzearen auzia. Aurretik iragar zitekeenez, EAJk, PPk eta PSE-EEk baztertu zuten mozioa "presazkotzat" jotzea, eztabaida itxiz horrela. Aurretik Maitane Nerekan Umaran EH Bilduren zinegotzia prest agertu zen mozioaren edukia aldatzeko, alkateak agindutako kontuak barne bilduz eta beste alderdien ekarpenak sartuz, baina arratsaldeko Bozeramaileen Batzordean jasotako ezetza ikusita, "Aldapa 23ko auzian urgentzia dagoen ala ez eztabaidatzea hipokresia da, ezer adosteko borondaterik ez delako egon", iritzi zion Nerekanek.
Bestalde, EAJ, PP eta PSE-EE bat etorri ziren EH BIlduri bere helburu politikoak lortzeko "Aldapa 23ko familiaren minaz baliatzea" leporatzean. "Zelango aurpegia dekozuen!" bota zien barru-barrutik Arantza Gutierrez EH Bilduren zinegotziak. Gauzak horrela, "informazioa batu" eta datorren astean Udal Presidentziako Informazio Batzordean alderdi guztiek auzia aztertuko dute.
EH Bilduk aurkeztutako presazko mozioa
Getxoko Bilduk Aurkeztutako Urgentziazko Mozioa by Getxoko Ehbildu
Getxoko Udalbatza argazkitan