Algortako Aldapa kaleko 23ko familiarekin elkartasunez, atzo
kaleratzea gelditzeko elkarretaratzean parte hartzen saiatu eta Ertzaintzak atxilotu zuen 29 urteko gazte algortarra bi aste barru epaituko dute Bilboko auzitegietan, Buenos Aires kalean. Mutilak gaur goizean deklaratu du Getxoko justizia jauregiko guardia epaitegian eta argi utzi du ertzainen aurrean erresistentzia pasiboa besterik ez zuela erabili. Ertzainek, berriz, atestatuan jasotako "desobedientzia larria eta erresistentzia" karguei autoritateari eraso egin izana gehitu diote auzia falta batean geldi dadin ekidinez. Gauzak horrela, eta fiskalak bere balorazioa egin behar duela, akusatuak epaiketara joan beharko du. Atzo lau orduz izan zuten gaztea Neguriko ertzain-etxean eta bertan biluztu, hatz markak hartu eta aurpegiaren zein tatuajeen argazkiak atera zizkioten. Akusatuak "polizia-fitxa" deritzoten hori ez egiteko eskubidea duenez –beti ere epaile agindurik ez badago– ertzainek prozedura hori derrigorrezkoa zela sinetsi arazi eta egin zioten, gazteak kontatu duenez. Defentsa akusatuak salatu du Ertzaintzaren jokaera eta balizko delituaren arteko "oreka eza". Argazkian, atzoko etxe-gabetzea / © Getxotik_aske.