Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak "Hondartza denontzat" programa jarri du martxan hamaikagarren urtez jarraian. Ezintasunen bat edo mugikortasun urritua duten pertsonei bainatzen laguntzeko zerbitzua da, eta Bidaideak elkarteak eta Heldu federazioak bultzatu dute. Zerbitzuaren funtsezko helburua herritar guztiek hondartzaz gozatu ahal izatea da, eta eskubide hori ezinduei edo mugitzeko arazoak dituzten pertsonei bermatu nahi zaie. Horretarako, proiektuak BBKren eta Getxo, Lekeitio, Plentzia, Zierbena eta Mundakako udalen laguntza dauka. Foru erakundeko iturriek jakinarazi dutenez, "Hondartza denontzat" programa abuztuaren 31ra arte egongo da abian, etenik gabe, asteko zazpi egunetan, 11:00etatik 18:30era, Algortako Ereagan, Plentzian, Zierbenako La Arenan, Lekeitioko Isuntzan eta Mundakako Laidatxun. "Lurralde kokapena, irisgarritasuna eta demografia izan dira arrazoiak hondartza horiek aukeratzeko zerbitzu hau emateko orduan", azaldu dute Aldunditik. Aurtengo edizioan zerbitzua mugikortasun ezintasunen bat duten 4.500 pertsonari eskaini ahal izatea espero da.
Horretarako, behar bezala osatutako ekipamendua jarri da kolektibo horien eskura, hareatzetan erabiltzeko bereziki diseinatua. Horrez gain, beharrezko azpiegiturak eta laguntza pertsonalerako zerbitzuak ere jarri dira, programa ondo garatuko dela bermatzeko. Laguntza pertsonala 19 monitore espezializatuk osatuko dute; monitore horiek berariaz kontratatu dira, programa garatzeko.
Laguntza osatzeko, Bidaideak elkarteak garraio zerbitzu berezia koordinatu du, eta norbanakoek zein adinekoei eta ezintasunen bat duten pertsonei laguntzeko elkarte edo erakundeek eskatu ahal izango dute. Zerbitzua erabili ahal izateko interesdunak Bidaideak elkartearekin harremanetan jarri beharko dira, telefonoz (944 266 600) edo posta elektronikoz (bidaideak[abildua]sarenet.es).
Hondartza bakoitzak informazio gune bat izango du, hareatzaren barruan bertan, eta handik dinamizatuko da zerbitzua. Gune horretan jaso ahal izango da laguntza teknikoak eta laguntza pertsonala emateko zerbitzua.
Hasieratik Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren finantzaketa izan duen programak, edizio honetan, 90.000 euroko aurrekontua du. Diru hori ekipamenduak erosteko eta programa ezartzeko beharrezko langileak kontratatzeko erabiliko da.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.