Letren Terrazek irakurketa eta aisialdia aterako dituzte Getxoko kaleetara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 1a, 19:37

Getxoko Kultur Etxeak Letren Terrazak izeneko udako liburutegiak aterako ditu kalera abuztuaren 29ra bitartean, liburuak haurrei zein helduei gerturatzeko, ekimenaren sustatzaileek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez. Iaz bezala, sei kokapenetan banatuko dira terrazak: uztailaren 1etik 30era, Gernika parkean (Neguri) eta Iturgitxi (Algorta) eta Sarri (Getxo) plazetan kokatuko dira; eta abuztuaren 4tik 29ra, berriz, Areetako Xake zein Algortako Telletxe eta Aldapa plazetara pasatuko dira. Kokapen horietan guztietan, erabiltzaileek irakurketa anitzez gozatu ahal izango dute, eta txikienek jokoez, tailerrez eta ipuin kontaketa saioez. Halaber, familia osorako antzerki ikuskizunak ere izango dira. Letren Terrazak astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era. Argazkian, Letren Terraza Areetako Xake plazan, artxiboko irudian.

Guztira, 2.000 liburuz osatutako funtsa eskainiko dizkiete Letren Terrazek erabiltzaileei, eta horrela, udal liburutegien arduradunek hautatutako eleberriak, ipuinak, komikiak eta abar izango dituzte eskura. Halaber, eguneko prentsa ere aurkitu ahal izango da. Azken finean, udarako eta bereziki haurrentzat aproposak diren irakurgaiak kaleratzea da ekimenaren helburu nagusia.

Halaber, udako liburutegiak aisialdirako guneak dira eta bertan, haurrek irakurketa eta beste hainbat jarduera uztar ditzakete egun osoan zehar, begiraleek gainbegiratuta. Aurten, liburutegiek eskulan tailerrak, jokoak eta adin guztientzako jarduerak hartuko dituzte.

Horrela, uztailaren 18an, pailazo ikuskizuna izango da Apika taldearen eskutik (Sarri plazan, 19:30ean, euskaraz); uztailaren 29an, surik gabeko gozogintza tailerra izango da (Gernika parkean, 19:30ean, gaztelaniaz eta euskaraz); abuztuaren 4an, Pottoka taldearen disko festa programatu dute (Algortako Telletxe plazan, 19:30ean, gaztelaniaz eta euskaraz); eta abuztuaren 14an, Tor Magoaren saioa izango da (Areetako Xake plazan, 19:30ean, gaztelaniaz).

Antzerkia kalean

Gainera, Eusko Jaurlaritzak sustatutako "Haur antzerkia bultzatuz" kanpainaren harira, kaleko antzerki ziklo bat ere izango da hirugarren urtez jarraian Letren Terrazetan, publiko guztientzat.

Zehazki, ostiral honetan, uztailaren 4an, Debote Enbote taldeak "Vademekun" malabarismo, akrobazia eta umore ikuskizuna eskainiko du Iturgitxi plazan, 19:00etan, euskaraz; eta hilaren 12an, "La risa es bella" umorezko antzezlana izango da Gernika plazan, 19:00etan, euskaraz eta gaztelaniaz. Azkenik, abuztuaren 29an, irakurmenaren mundua ardatz duen "Irakurriz" muntaia antzeztuko du Shakti Olaizola aktoreak Gernika parkean, 19:00etan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun