Port Art erakusketa ibiltaria ikusgai Leioako Bulebarrean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 2a, 12:18

Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak antolatuta, uztailaren 6ra arte ikusgai egongo da Leioako Bulebarrean Port Art erakusketa ibiltaria. Ondoko ordutegia izango du: lanegunetan, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara; larunbata eta igandean, berriz, 12:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara. 1950eko hamarkadaren bukaeran sortutako Pop Art mugimendu artistikoan inspiratutako erakusketa 20 oineko (sei metro luzeko) sei edukiontzitan banatuta dago, eta edukiontzi horien kanpoko zein barruko dekorazioa pop artisten lanean inspiratuta dago. Erakusketa antolatzen lagundu dute, Bilboko Portuko Agintaritzarekin batera, Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioa osatzen duten udalek: Bilbok, Barakaldok, Erandiok, Sestaok, Santurtzik, Leioak, Getxok, Portugaletek eta Zierbenak. Era berean, erakunde hauek dira partaide: Amarradores Puerto de Bilbao, Astilleros Zamakona, Berge Marítima Bilbao, BungeIberica, E. Erhardt y Cia, El Transbordador de Vizcaya, Mac Andrews, Nirint Iberia, Noatum Container Terminal Bilbao, Progeco Bilbao, Remolcadores Ibaizabal, Sacyr Construcción eta Transfennica Iberia. "Bilboko Portuaren historia, jarduera eta garrantzi ekonomikoa eta Portuak itsasadarraren ertzeko udalerriekin izan duen harremana gizarteari erakustea" da helburua. Argazkia: © Leioako Udala.

Lehenengo edukiontzia Roy Lichtensteinen lanean girotuta dago, eta Bilboko Portuari buruzko informazio orokorra ematen du.Bigarrenak Jasper Johns artistaren ondarearen eragina du, eta Portuak itsasadarraren ertzeko udalerriekin izan duen harreman historikoa jorratzen du.Hirugarrenak Frank Stella artista dakar gogora, eta Portuak munduarekin izan duen lotura erakusten du.Laugarrena Andy Warholi eskainita dago, eta Portuaren ingurumen-politika du ardatz.Bosgarrenak James Rosenquist-en sorkuntza-lanen zertzeladak ditu, eta kontsignazioaren, zamaketaren eta itsas garraioaren zerbitzuak erakusten ditu. Seigarrenak, berriz, Jackson Pollock-en estiloa du iturri, eta kaietan zehar garraiatzen diren hainbat salgai-mota ditu ikusgai.

Pop Art-etik Bilboko Port Art-era

Pop artea (Pop Art) XX. mendearen erdialdeko mugimendu artistiko garrantzitsu bat izan zen, eta komunikabideetatik (publizitate-iragarkietatik, komikietatik, objektu kultural «mundutarretatik») eta zinematik hartutako kultura herrikoiaren irudiak erabiltzeagatik da ezaguna.Pop arteak eguneroko gauzak erabiltzen ditu sorkuntzan, eta gizartearen sektore handi batengana hurbiltzen ditu.

Bilboko Port Art erakusketak albiste izan nahi du berez, eta, aldi berean, dinamikoa eta erakargarria izan nahi du balio positiboak, hurbilak eta gaur egungoak transmititzeko. Horretarako, hizkuntza bisuala, ukigarria eta partaidetzazkoa erabiltzen du, ikusle guztiengana iristeko asmoz.Edukiontzien barruan dago kokatuta, elementu horiek sinbolikoak baitira portuko jarduerari dagokionez.Bilboko Port Art erakusketan, edukiontzia, itsas munduko objekturik ezagungarri eta identifikagarrienetako bat, erakusketa-gune bilakatzen da, eta Bilboko Portuaren jarduera erakusten du modu originalean.Esan daiteke Bilboko Port Art bisitatzea informazioa, didaktika eta adierazpen artistikoa uztartzen dituen zentzumenezko esperientzia bat dela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun