Herritarren partaidetza protagonista Leioa eta Sopelako jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 2a, 13:37

Ekainaren 19tik 24ra ospatu ziren San Juan jaiak "oso emaitza positiboekin" amaitu direla adierazi du Leioako Udalak, "ez baitzen aparteko ezbeharrik gertatu". "Gainera, leioaztar eta bisitariek partaidetza eredugarria erakutsi zuten", nabarmendu dute tokiko iturriek. Guztira 69 koadrila (44 helduenak, 13 misto eta 12 gazteenak) izan ziren, jaien protagonista nagusienak bilakatu zirenak. Leioako kaleak kolorez bete zituzten; jaitsieran adibidez, 1500 parte-hartzaile izan ziren, herri bazkarian 1.300, eta koadrilen arteko 10 jokoetan hartu zuten parte (jaitsiera, gastronomia lehiaketa, herri kirolak, soineko merkearen lehiaketa, playback-a, azeriaren ehiza, talentu txapelketa, sokatira eta kronoeskalada, beste batzuen artean). Sopelako Udalak, berriz, "mundialtzat" jo ditu igandean bukatutako San Pedro jaiak. "Ez dago beste berbarik. Aurtengo jaiak mundialak izan dira, itzelak. Jai batzorde herrikoiak egindako lanari esker, sopeloztar guztiok jai koloretsu, parekide, euskaldun eta batez ere parte-hartzaileak izan ditugu. Auzokideak ikusle izatetik gure jaien parte-hartzaile aktibo izatera pasa gara, bai antolakuntzan, bai jaietan", adierazi dute agintari sopeloztarrek. Festekin jarraituz, asteazkenetik igandera ospatuko dira San Trifon jaiak Erandioko Arriaga auzoan. Bitartean, aurtengo Karmengo Amaren prozesiorako ontzien izen-ematea zabalik izango du hilaren 9ra arte Plentziako Udalak. Argazkian, aurtengo San Pedro jaien hasiera txupina, joan den ostegunean / © Sopelako Udala.

Koadrilen jaitsierak eman zien hasiera San Pedro jaiei Sopelan, "eta harrigarria badirudi ere", iazko maila hobetu zuten koadrilek, udal iturriek nabarmendu dutenez. 29 koadrilak parte hartu zuen, eta udaletxe plazan egindako ikuskizunetan denetarik ikusi ahal izan zen: igerileku berezi bat, drag-queen-ak, marinelak, politikari-txotxongiloak, barrakeroak... Sopelako hezkuntza zentroetako ordezkariek txupina bota, eta zoramena hasi zen Sopelan.

Koadrilak protagonista Sopelan

Koadrilak izan dira, beraz, Sopelako jaietako osagai nagusienetako bat. Proba guztietan giro ederra eta lehiakortasun sanoa izan dute, eta azkenean Ezin Leike koadrilak eskuratu du txapela. Bigarren postua Egongo Gatxik taldeak lortu du, eta hirugarrena Azeri Zaharrak koadrila. Pilota txapelketari dagokionez, Pelos eta Ager bikoteak irabazi zuen azkenean.

Eguraldiak momentu batzuetan lagundu ez zuen arren, ez zituen jaiak zapuztu. Herri bazkarian auzokide ugari elkartu ziren, eta Vilafrancako castell-errak ikuskizun harrigarria eskaini zuten. Aurtengo ekimen berritzaileen artean, Zipiriñeko "Umeen ametsen gunea" nabarmendu dute Udaletik, txikiek mota guztietako ekintzak izan zituztelako eskura (eurek proposatutakoak). Eguzkilore dantza-taldeko kideek ere urtez urte euren maila hobetzen doazela erakutsi zuten, publikoaren gozamenerako.

Sopelako Udalak jai hauek posible egin dituzuen guztioi eskerrak eman nahi izan dizkie: Jai batzordean jo eta su lanean lotu barik ibili diren guztiei, txosna batzordeko kideei, koadrilei, garbitasun brigadakoei, udal langileei, ekintzetan parte hartu duten guztiei, auzokideei... Bestalde, Sopelako Udalaren Facebook kontuan ikus daitezke jaietako argazkiak.

Leioan normaltasuna nagusi

Beste udalerri batzuetatik ere bisita asko hartu zituen jai egunetan Leioak, batez ere larunbat gauean eta San Juan bezperan. Metro Bilbao garraio enpresak emandako datuen arabera, astelehenean, 4.809 pertsona heldu ziren udalerrira, guztira; eta larunbatean, aldiz, 9.968.

Jaiak, beraz, "normaltasunez igaro ziren", udal leioaztarretik diotenez: "ezbehar handirik gabe, herritarren jarrera bikainari esker". Horren adierazgarritzat jo dute ez dela zauritu larririk egon istripu edo erasoengatik. "Izan diren istilu apurrak, arin bukatu ziren borrokak, mozkor zeuden gazteek eragin zituzten, gehienak, 16 eta 20 urte bitartekoak", azaldu dutenez. Horiez gain, 33 pertsona artatu zituzten eroriko arinengatik, 13 eraso edo borrokengatik, 12 etilismo larriagatik (horietatik 10 adingabeak ziren), eta 15 pertsona anbulantzian eraman ziren osasun zentro desberdinetara.

Apunte negatibo bakarra, alkohola

"Alkohol kontsumoak gora egin du gazteen artean eta horixe da, hain zuzen ere, jaiek utzi diguten apunte negatibo bakarra", aipatu dute Leioako Udaletik. Arazo hori larriagoa izan omen zen San Juan bezperako gauean. Udaltzaingoaren datuen arabera, Getxoko Arrigunagako hondartzara hel ez zitezen antolatuta zegoen segurtasun dispositibo handiaren ondorioz, gazte horiek Leioa aukeratu zuten. "Beraz, datorren urterako, gazteen alkohol kontsumoarekin adi ibiliko gara, metroan kontrolak jarriz, adibidez", aipatu dutenez. Horri lotuta, "jaiegunetako tenperatuta beroek ere alkohol kontsumoa ohi baino handiagoa izatea eragin zuten, eta ondorioz, pertsona mozkor gehiago egon zen", udal agintari leioaztarren arabera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun