Erandioko jaietako txosnak metro atzeko parkingean gura dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 2a, 19:04

Joan den ostiralean, ekainak 27, ehun bat lagunek agerraldia egin zuten Erandioko Irailaren 23a plazan, abuztuaren bukaerako San Agustin jaietako txosnak herri erdian nahi dituztela aldarrikatzeko. Besteak beste, Erandioko Jai Batzordeak, Ernaik, Gautxoriak kultur elkarteak, Berbots Erandion Euskaraz taldeak, Gazte Asanbladak, EH Bilduko zinegotziek, Santi Neira Erandioko Kultur zinegotzi ohiak (EAJ), gazte koadrilek... babesa adierazi zioten ekimenari; baina Udalari proposamen zehatza luzatu ere. Txosnak metro geltokiaren atzealdean dagoen Martiartu plazako aparkalekuan gura dituzte. Gainera, aipatu eragileei batu zaizkie Jado zein San Inazio kale eta metro geltoki inguruko 24 taberna, horien artean Altzagako batzokia. "Horiek guztiek begi onez ikusi dute txosnak lekuz aldatzea, jaiak herri erdian ospatuz saltokiak ere irabazle ateratzen baitira", adierazi dute sustatzaileek. Borondatea egonez gero, "mahai baten inguruan gauzak hitz egin eta adosteko prest" agertu zaizkie udal agintari jelkideei. Argazkian, ostiralean batutako lagunak / © Erandioko Txosnak Herri Erdira.

"Guk argi daukagu txosna gunea lekuz aldatzea ez dela teknikoki egingarria den ala ez aztertzea soilik, baizik eta aldaketa posible egiteko borondatea dagoen ala ez", azaldu dutenez. Ekimenaren bultzatzaileek gogoratu dute historian zehar Erandioko jaiak eremu oso ezberdinetan ospatu izan direla. Plazan, metroan, azokatxoan, kiroldegian... "eta aurten berriz ere txosnak herri erdian jarriko ditugu", amaitu dutenez.

Erandioko Txosnak Herri Erdira

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun