Jack DeJohnette bateria-jotzaile estatubatuarra bihar Getxoko Jazzaldian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 2a, 20:04

Jack DeJohnette perkusionista estatubatuarra, bateriaren maisu garrantzitsuenetako bat, izango da biharko protagonista nagusia Getxoko Jazzaldian. Bere hirukotearen aurrean jardungo du 22:15etik aurrera Algortako Biotz Alai plazan. Aurretik, 21:00etan, Liya Grigorian Trio ariko da, Talde Lehiaketako finalera ailegatu den lau bandetako bat. Eguneko eskaintza Hirugarren Milurtekoa atalean jardungo den David Pastor & Nu-Roots taldearen saioaz borobilduko da. Jack DeJohnette (Chicago, 1942) bateriaren kondaira handietako bat da. Charles Lloyden laukotean hasi zenetik, abangoardia gogorreko taldeetan, jazz funk taldeetan eta jazz ortodoxoko taldeetan parte hartu izan du. Bere ibilbide osoan, artista handien ondoan aritu da, hala nola Miles Davis, John McLaughlin, Keith Jarret, Chick Corea eta Dave Holland. “Bitches Brew” eta “Live Evil: Miles Davis at the Fillmore” eragin handiko albumekin, tronpeta-jotzailearen ondoan, jazza eta rocka bateratzeko eginkizuna abiatu zuen, eta horrek garai hartako musika-paisaia aldatu zuen. Argazkian, Jack DeJohnette perkusionista estatubatuarra, bere taldekideekin / © Getxoko Kultur Etxea.

DeJohnette jazz musikarien artean ameslarienetakoa dela esaten dute, eta gaur egun fusioaren munduan ikertzen jarraitzen du. Hori azken lanean, “Sound Travels”, ikus daiteke, jazzak erritmo latino eta afrikarrekin bat egiten baitu. Getxora hirukote formatuan ariko da, saxoan Ravi Coltrane eta kontrabaxuan Matt Garrison dituela, biak ala biak, jazzaren munduko izen handiko bi musikariren semeak: John Coltrane eta Jimmy Garrison, hain zuzen.

Talde Lehiaketan Armeniako, Italiako eta Espainiako musikariak biltzen dituen Liya Grigorian Trio bandak joko du. Bere pianista eta liderrak sortuta, 2012. Urtetik zenbait herritako agertokietan jardun dira eta Padovako Banda Lehiaketaren irabazleak dira.

Hirugarren Milurtekoa

Hirugarren Milurtekoa atalean David Pastor eta Nu-Roots bere hirukotea ariko dira. Sedavíko musikalean trebatu zen tronpeta-jotzailea, Valentzian dagoen egungo jazz harrobia dena. Bertatik, gaur egun estatu mailako jazz musikari handienetako batzuk atera dira. Musikari polifazetiko hori hainbat talde eta elkartetan aritu da, hala nola Moldaviako Ganbera Orkestra Nazionalean, Sedajazz Latin Ensemblen, Jerez-Texasen, eta baita artista handien ondoan ere, besteak beste Celia Cruz, Lucrecia, Martirio eta Jaime Urrutiaren ondoan. Tronpeta-jotzaile aldakorra eta bertutetsua, diskurtso fin eta distiratsua duena. Nu-Roots hirukotearekin entzuleei jazz eta groove musika helarazten die, eta horretan talentu guztia maisutasun handiz erakusten du
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun