Jon Bengoa Renteria, Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohi getxoztarraren anaia (PSE-EE), bat batean hil zen Caracasen pasa den ekainaren 4an, 53 urte zituela. Hiru egun beranduago erraustu zuten, Caracasko ekialdeko kanposantuan. Bada, zoritxarra eta hilabete batera, gaur, azken agurra emango diote Euskal Herriko senideek, hurkoek eta ezagunek. Jon Bengoaren arimaren aldeko elizkizuna arratsaldeko 7:30ean izango da, Algortako Trinitarioen elizan. Familiak eta komunitate euskal-venezuelarrak hurbiltzeko deia egin dute. Caracasko Eusko Etxetik elkarteko lehendakariak
Euskalkultura.com atariari adierazi zionez, "dirudienez, burmuineko aneurisma batek jota" zendu zen Jon Bengoa. Venezuelako euskal komunitateak gogoratu duenez, emaztea eta bi seme-alaba zituen. Besteak beste, Venezuelan nutrizio eta elikadura egokiak sustatzeko
Bengoa fundazioaren kidea zen. Adierazitakoaren arabera, maiatzaren 31n Bengoa ondoezik sentitu zen eta larrialdietara joan eta erresonantzia magnetiko bat egin ondoren, "emaitzarik txarrenaren berri eman zioten, burmuineko aneurisma diagnostikatu baitzioten, konponbiderik gabe, eta geroztik 'guztia saiatu' bazuten ere, ebakuntza, zenbait botika, eta abar", ekainaren 4an iluntzean hil zen, "guztiok ezustean harrapatuta". Argazkian, Jon Bengoa zena / © Bengoa fundazioa.