Ahal Duguk Mankomunitateko herrietarako taldea aurkeztuko du gaur

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 3a, 17:39

Ahal dugu (Podemos) ezkerreko formazioak pasa den otsailaren 20tik eskualdean zeukan presentzia laukoiuztuko du gaur, osteguna. Izan ere, Uribe Kosta eta Erandioko esparrurako Uribe Kostako taldea lautan banatuko da eta arratsaldean aurkeztuko dute eratu den azken zirkulua. Orain arte, Erandio, Leioa eta Getxo udalerriek talde bana sortu dute, eta arratsaldeko 7etan aurkeztuko dute zirkulu berria, Mankomunitateko udalerriak bilduko dituena (Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz). Aurkezpen ekitaldia arratsaldeko 7etan egingo dute Sopelako Kurtzio kultur etxean, Mendieta kaleko 11. zenbakian. Jendaurreko agerraldiaren ostean batzar irekia egingo dute toki berean, guztira 90 bat minutuko iraupenaz, "gehienez jota", Ahal Duguren iturriek zehaztu bezala. Ekitaldian, Ahal Dugu "zer den, zer garen, zer egiten dugun eta nola antolatzen garen" kontatuko dute. Bestalde, ordu berean baina Bilboko Hikateneoan, feminismo eta sexu askapenaren aldeko Bizkaiko taldearen lehenengo batzarra egingo du Ahal Duguk. Argazkian, alderdia finantzatzeko pasa den igandean azoka txikia antolatu zuten Uribe Kostako taldeek / © Uribe Kostako Ahal Dugu.

Pasa den maiatzaren 25eko hauteskundeetan, Ahal Duguk 4.096 boto jaso zituen Uribe Kostan eta Erandion. Babes gehienak hiriguneetan jaso bazituen ere, Mankomunitateko herrietan ere ehunaka boz eskuratu zuen, guztira 588.

Sopelako Udal Gobernu ezkertiarra, kolokan

Ahal Duguk Mankomunitatean izandako botoen erdia baino gehiago (371) Sopelan erdietsi zituen, aurreko udal hauteskundeetan zinegotzi bat izateko haina boto, alegia. Udalerri horretan da egun eskualdeko udal gobernu ezkertiar bakarra, Bilduren eskutik, 17 zinegotzitik 7rekin. Halere, 2011n EAJk egin ez zituen hitzarmenak erdietsiz gero, koalizio soberanistak galdu lezake alkatetza. Ildo horretan, Guillermo Vio Sopelako zinegotzi ohia (EAE-ANV eta Sopela Aurreraren bidez 2003 eta 2011 bitartean aritu zen Udalbatzan) eta ezker abertzaleko militanteak Sopela.net-en deia egin zuen Sopelako eredu parte hartzailea eta ezkertiarra babesteko. Horretarako, ezker alderdien eta indar aurrerakoien arteko elkarrizketa abiatu, akordioetara heldu eta Udalbatzan "gehiengo garbia" eskuratzera deitu zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun