Nerabea zela, Txekiar Orkestra Filarmonikoan sartu zen. Bostongo Berklee College Of Music ikastetxe ospetsuan Ahmad Jamal irakasle entzutetsuarekin aritu zen, eta ondoren, kontratu bat sinatu zuen Telarc jazz diskoetxearekin eta ibilbide arrakastatsua hasi zuen 2003an.
Nazioarteko ibilbidearen lehen urratsetatik, pianista japoniarra hirukotean aritu da, hasieran Mitch Cohn baxu jotzailearekin eta Dave DiCenso bateriarekin, eta 2004tik, Tony Gray eta Martin Valihorarekin. "Voice" diskoaren grabazioan debuta egin zuen The Trio Project taldearekin, eta horrekin arituko da ostiral honetan Getxon, Anthony Jackson (baxua) eta Simon Phillips (bateria) musikariekin, alegia. Lehenengoak fusioaren ikuspegi bikaina du, eta bigarrena, estilo progresiboaren erakuslea da.
Besten saioak
Hiromi japoniarraren emanaldiarekin batera, Getxo Jazz jaialdiko ostiraleko egitarauan beste zenbait saio izango dira. Horrela, Talde Lehiaketan Lukas Gabric Group arituko da, Austriako eta Hungariako musikariak biltzen ditu laukotea.
New Yorken elkar ezagutu zuten 2013an eta bertako zenbait lokaletan aritu dira. Bere ikuspegi artistikoa tradizioa sakon ezagutzean eta berrikuntzarako eta interakziorako borondatea izatean datza. Emanaldia Biotz Alai plazan izango da, 21:00etatik aurrera.
Halaber, Hirugarren Milurtekoa atalak ¡Zas! Trio taldearen saioa eskainiko du. Hirukotea 2009an sortu zen, eta Espainiako jazzaren hiru musikari handik osatzen dute. Errepertorioan haien konposizio propioak dituzte, estetika irekikoak, post-free eta jazzaren joera berriekin bat etorriz. Hirukoteak folklorearen eta musika garaikidearen eragina ere badu.
Azkenik, ostiraleko eskaintza osatzeko, Algortako The Piper's Irish Pub tabernan izaten diren jam session saioaz gozatu ahal izango da, Hiromiren kontzertua amaitu ondoren.