Paul Healy australiarra
Getxo Artea Rugby Taldearen entrenatzailea izango da datorren denboraldian. Eskarmentu handiko prestatzailea da errugbi munduan eta Espainiako Ohorezko Maila ezagutzen du 2011-2012ko denboraldian Ordizia taldearen aulkian egon baitzen, talde hori-beltzaren iturriek nabarmendu dutenez. Klub gipuzkoarrarekin Errege Kopa irabazi zuen eta Ligako finalera heldu zen, baina galdu egin zuen. Paul Healy Bryce Bevinen ordez helduko da Fadurako lehen taldearen aulkira, baina gogoratu dezagun Zelanda berriko entrenatzaileak denboraldiaren erdian hartu behar izan zuela taldea Todd Dammers australiarrak bere herrialdera itzuli behar izan zuelako senide baten gaixotasunarengatik. Paul Healyren azken taldea Errumaniako ligako CSM Bucaresti izan da, eta Ordiziara heldu baino lehen Frantziako Top 14 ligan aritu zen Pariseko Stade Francais taldean. Gainera, 2003an lehiatu zen Munduko Txapelketan Uruguaiko selekzioarekin. Bere jatorrizko herrialdean, Northern Terrytory Institute of Sport of Darwin eskolan lan egin zuen jokalariak prestatzen. Argazkian, Paul Healy / © Getxo Rugby Taldea.