Getxoko 38. Jazzaldia erdialdera iritsiko da gaur, ostiralarekin. Hala ere, dagoeneko agortu egin dira kontzertu guztietarako sarrerak, Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez. Igandean izango den Diego “El Cigala”-ren saiorako txartelak jaialdia hasi baino lehen ere amaituta zeuden. Tartean, gaur, Hiromi piano-jotzaile japoniarra, eta bihar, Michel Camilo musikagile latinoa igoko dira Biotz Alaiko agertokira, 22:00etan. Gaur, ordubete lehenago, Talde Lehiaketako hirugarren finalista izango da agertoki berean, Lukas Gabric Group. Eta ostiraleko egitaraua borobiltzeko, Hirugarren Milurtekoa atalean, ¡Zas! Trio hirukote madrildarra izango da protagonista, Telletxe plazan, 19:00etan. Azkenik, The Piper's Irish Pub tabernan izaten diren jam session saioaz gozatu ahal izango da, Hiromiren kontzertua amaitu ondoren. Argazkian, Diego “El Cigala”-k itxiko du aurtengo Getxoko Jazzaldia igandea / cc-by Ajuntament de Vilanova i la Geltrú.