Ekainera arte, hogei bat lagunek erabili dute bizikleta-aparkalekua, Leioa eta Erandioko campusean. Ibilgailua toki itxi batean gordetzeko aukera ematen du, lapurretarik ez jasateko eta eguraldiaz babestuta egon dadin. Txartel pertsonalizatuaren bidez, Aparkaren web orrian eta mugikorrerako aplikazioan sartu daitezke erabiltzaileak, zerbitzu gehigarriak eskuratuz; esaterako, konponketa-zerbitzua, bizikleta campusean aparkatuta dagoen bitartean.
Bizikleta elektrikoak konpontzea eta birkargatzea
Emaús Mugikortasun Jasangarriari dagokionez, EHUn probatutako Aparka proiektua esperientzia "oso positiboa" da, "sistema bizikleta pribatura egokitzea, uste baino malgutasun handiagoarekin gauzatu da; mota orotako bizikletak barne hartu ditu –tolesgarriak eta elektrikoak–. Gainera, erabilerak gora egin du eta ia ez da gorabeherarik izan, erabiltzaileen gogobetetasun handia eraginez", azaldu du Jose Gómez Bilboko Emaúsen kudeatzaileak. Gaineratu du Leioa campuseko proiektua zabaldu egingo dela, "eskatu ahalako konponketen eta mantentze-lanen zerbitzu aurreratuak eta bizikleta elektrikoak kargatzeko aukera" eskainiko baitira.
Jasangarritasuna eta gizarteratzea
Aparka bizikleta pribatuak modu seguruan aparkatzeko eta bizikleta publikoak mailegatzeko sistema da. Mugikortasun jasangarria sustatzeaz gain, proiektuak gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonentzako enplegu-aukerak sorrarazi nahi ditu ingurumen-jasangarritasunaren esparruan. Lehen moduluak, patente propiokoak direnak, ekoizteak Bilboko Emaúsek lagundutako kolektiboei zuzendutako lanpostu zuzenak sortuko ditu. Gainera, industrializazioa inguruetako enpresekin elkarlanean gauzatuko da. Hala, enpresok beren produktu-zorroa ekonomia berdearen sektorera hedatu ahalko dute.
BBK-k proiektu honetan parte hartu du, produktu-prototipoa gauzatzeko beharrezko baliabide ekonomikoak emanez, baita ezagutarazteko bitartekaritza-lanak eginez ere.
BBK-k Aparkaren alde egin du, "proiektu aitzindaria delako mugikortasunaren kudeaketa jasangarrian". "Hain jasangarriak ez diren beste garraiobide batzuen aldean bizikletaren erabilera sustatzen duen aparkaleku seguruko sistema berritzailea izateaz gain, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonen laneratzea ahalbidetzen du", azaldu du Leire Aragón BBK-ren Gizarte-ekintza zuzendari laguntzaileak.
Aparkak, halaber, Foru Aldundiaren Sustapen Ekonomikorako Sailaren eta BEAZ sozietate publikoaren bultzada jaso du.
Ohorezko aipamena Green Dot Awards-etan
Maiatzaren 7aren eta 9aren artean Florentzian eginiko Mugikortasunaren kudeaketari buruzko ECOMM2014-en aurkeztu zen proiektua eta hainbat herrialdeetako erakunde publikoen eta pribatuen arreta bereganatu du. Aparka sistemak ohorezko aipamena jaso du Amerikako Estatu Batuetan antolatzen den diseinu ekologikoaren Green Dot Awards-en 2013ko edizioan. Sari horiek ingurumen-errespetuaren irizpideen arabera ekoitzitako eta ezarritako produktuei zuzenduta daude. Aparka hautatu zuten 25 herrialdeetatik egindako 500 proposamenen artean.