Lehenengo edukiontzia Roy Lichtensteinen lanean girotuta dago, eta Bilboko Portuari buruzko informazio orokorra ematen du. Bigarrenak Jasper Johns artistaren ondarearen eragina du, eta Portuak itsasadarraren ertzeko udalerriekin izan duen harreman historikoa jorratzen du. Hirugarrenak Frank Stella artista dakar gogora, eta Portuak munduarekin izan duen lotura erakusten du. Laugarrena Andy Warholi eskainita dago, eta Portuaren ingurumen-politika du ardatz. Bosgarrenak James Rosenquist-en sorkuntza-lanen zertzeladak ditu, eta kontsignazioaren, zamaketaren eta itsas garraioaren zerbitzuak erakusten ditu. Seigarrenak, berriz, Jackson Pollock-en estiloa du iturri, eta kaietan zehar garraiatzen diren hainbat salgai-mota ditu ikusgai.
Pop Art-etik Bilboko Port Art-era
Pop artea (Pop Art) XX. mendearen erdialdeko mugimendu artistiko garrantzitsu bat izan zen, eta komunikabideetatik (publizitate-iragarkietatik, komikietatik, objektu kultural "mundutarretatik") eta zinematik hartutako kultura herrikoiaren irudiak erabiltzeagatik da ezaguna. Pop arteak eguneroko gauzak erabiltzen ditu sorkuntzan, eta gizartearen sektore handi batengana hurbiltzen ditu.
Bilboko Port Art erakusketak albiste izan nahi du berez, eta, aldi berean, dinamikoa eta erakargarria izan nahi du balio positiboak, hurbilak eta gaur egungoak transmititzeko. Horretarako, hizkuntza bisuala, ukigarria eta partaidetzazkoa erabiltzen du, ikusle guztiengana iristeko asmoz. Edukiontzien barruan dago kokatuta, elementu horiek sinbolikoak baitira portuko jarduerari dagokionez. Bilboko Port Art erakusketan, edukiontzia, itsas munduko objekturik ezagungarri eta identifikagarrienetako bat, erakusketa-gune bilakatzen da, eta Bilboko Portuaren jarduera erakusten du modu originalean. Esan daiteke Bilboko Port Art bisitatzea informazioa, didaktika eta adierazpen artistikoa uztartzen dituen zentzumenezko esperientzia bat dela.