Biharamunean, ostegunean, Jack DeJohnette, jazz fusion estiloaren bateria-jotzaile handia izan zen protagonista eta jazzaldiaren erdialdean Hiromi piano-jotzaile japoniarraren hirukoteak Biotz Alai plaza bete egin zuen. Azken bi jardunaldietan Michel Camilo piano-jotzaileak eta Diego "el Cigala" flamenko kantariak borobildu zuten aurtengo eskaintza eta beren kontzertuetarako sarrerak agortzea lortu zuten.
Talde Lehiaketa
Aurten ere, talde gazteek garrantzi handiko lekua izan dute Algortan. Talde Lehiaketa horren erakusle izan da eta horretan Europa osoko taldeak parte hartu dute. Lehiaketako finalean Errusia eta Alemaniako Ylativ Algo Quintetek irabazi zuen lehengo saria, Liya Grigoryan Trioren aurretik. Lukas Gabric saxo-jotzailea izendatu zuten bakarlari onena bai epaimahaiak bai zaleek. Azken horiek Lukas Gabric Groupi eman zioten publikoaren saria.
Hirugarren Milurtekoa sailean ere eskaintza anitza izan da. Bertan Juan Ortiz Qt., David Pastor&Nu Roots eta Artur Tuznik banda gazteak aritu dira, eta baita eskarmentu handiko taldeak ere, esaterako ¡Zas Trio! eta The Groove Investigators Qt.
Ohi bezala, kontzertu nagusiak amaitu eta gero, jam session saioak izan dira Algortako The Piper's Irish Pub-en. Azkenik, Satistegi kafean José Horna "Jazz for Two" izeneko argazki erakusketa ikusgai egongo da uztailaren 20era arte.