Algortako Aldapa kaleko 23ko familiarekin elkartasunez, pasa den ekainaren 24an
kaleratzea gelditzeko elkarretaratzean parte hartzen saiatu eta Ertzaintzak atxilotu zuen 29 urteko gazte algortarra bihar goizeko 11etan epaituko dute Bilboko auzitegietan, Buenos Aires kalean. Mutilak Getxoko justizia jauregiko guardia epaitegian deklaratu zuen atxilotu eta hurrengo egunean eta argi utzi zuen ertzainen aurrean erresistentzia pasiboa besterik ez zuela erabili. Ertzainek, berriz, atestatuan jasotako "desobedientzia larria eta erresistentzia" karguei autoritateari eraso egin izana gehitu zioten, auzia falta batean geldi dadin ekidinez. Gauzak horrela, akusatuak epaiketara joan beharko du. Atxiloaldian, lau orduz izan zuten gaztea Neguriko ertzain-etxean eta bertan biluztu, hatz markak hartu eta aurpegiaren zein tatuajeen argazkiak atera zizkioten. Akusatuak "polizia-fitxa" deritzoten hori ez egiteko eskubidea duenez –beti ere epaile agindurik ez badago– ertzainek prozedura hori derrigorrezkoa zela sinetsi arazi eta egin zioten, gazteak kontatu zuenez. Defentsa akusatuak salatu zuen Ertzaintzaren jokaera eta balizko delituaren arteko "oreka eza". Argazkian, ekainaren 24ko etxe-gabetzea / © Getxotik_aske.