Asteazken honetan, uztailak 9, Bertso Jaialdi Mundialaren XVI. edizioa hartuko du Algortako Biotz Alai plazako karpak. Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta, saio klasiko horrek esperimentazioa du ardatz nagusia, urtero sorpresaz beteta izaten dela. Emanaldia 21:00etan hasiko da eta bertan puntako sei bertsolari ariko dira. Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Fredi Paya eta Jone Uria bertsolariak Aitzol de Castro gai jartzailearen agindu berezietara egongo dira. Baina aurretik, gaur bertan, “Gaurik Laburrena” film laburren emanaldien aurtengo bigarren eta azken saioaz (euskaraz, 18 urtetik gorakoentzat) gozatzeko aukera izango dute Biotz Alain batzen direnek. Hitzordua 21:00etan jarri du, sarrera doan, Getxoko Kultur Etxeak. Horrenbestez, ondoko autoreen filmak egongo dira ikusgai: Izebene Oñederra, Ander Iriarte, Unai Unda, Alberto Gastesi, La Pecera, Andoni Mendizabal, Pello Varela eta Erabaki Produkzioak. Argazkian, Jone Uria Albizuri bertsolari algortarra, artxiboko irudian.