Getxon alokairu soziala sustatzeko proposamenak egin ditu EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 9a, 15:28

Etxebizitza arazoari aurre egiteko, beste bi proposamen aurkeztu ditu gaurkoan Getxoko EH Bilduk. Batetik, alokairua ordaintzen laguntzeko, 20-35 urte bitartekoentzako diru-laguntza lerro berria nahi dute, iaztik egiten zen bezala. Bestalde, etxe hutsak Bizigune programan sartzeko, horien jabeentzat mailegu lerroa gura du koalizio soberanistak. Mozio baten bitartez egingo dute horien aldarrikapena uztailaren 24ko (goizeko 9etan) udal batzarrean. Getxoko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Alokabide S.A. enpresak orain hilabete sinatu dute lankidetza-hitzarmena, Bizigune programaren bitartez udalerrian hutsik dauden etxebizitzen alokairua sustatzeko. "Lankidetza-hitzarmen horri jarraituz, Udalak hutsik dauden etxeen informazioa Jaurlaritzari igortzea da duen ardura bakarra. Hitzarmenaren osagarri izateko, diru-lagunza lerro berria proposatzen dugu. Horren barruan, etxebizitza hutsen jabeei laguntzak eta interes gabeko maileguak ematen zaizkie etxebizitzak Bizigune programan sartu ahal izateko baldintzak bete ditzaten eta etxeak programa horietan sartuko dituzten baldintzapean. Gainera, herriko ekonomia suspertzeko neurriak ere jasoko lituzke, konponketak herriko enpresa txikiekin egin ditzaten sustatuz", azaldu dute EH Bilduren zinegotziek. Argazkian, koalizio ezkertiarreko ordezkariak Alangon emandako prentsaurrekoa / © Getxoko EH Bildu.

Hautetsi ezkertiarrek gogoratu dutenez, 2009an PSE-EEk eta EAJk izenpetutako Hiru-lurzoruko Etxebizitza Planak jasota zeukan “etxebizitza hutsak alokairu merkatuan sar daitezen saiatzea (Bizigune)". Getxoko EH Bilduren ustez, etxebizitza hutsak dituzten jabeei "ahalik eta suspertze neurri gehien" eman behar zaizkie etxeak alokairu eskuragarri eta benetan sozialetan jarri ditzaten, alokairu programa publikoen bitartez.

Alokairurako diru-laguntzak

EH Bilduk EAJrekin 2012an lortutako akordio baten bidez, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) subentzionatzeko dirulaguntza lerro bat atera zen iaz. "Bi deialdi egin izan dira, baina ez da diru poltsa amaitu", zehaztu dute ezkertiarrek. Aurreratu dutenez, aurten EAJk ez du diru laguntza horiek ateratzeko asmorik, "bere Aurrekontu proiektuan propaganda egin bazuen ere",.

Aurreko deialdietako soberazko diruarekin ohiko etxebizitzetan gazteentzako alokairurako laguntza programa martxan jartzea proposatu zion orain bi hilabete EH Bilduk Getxoko Gobernuari. Koalizio soberanistak dioenez, errentan hartutako etxebizitza partzialki subentzionatuko litzateke programa berri honen bidez, 20 eta 35 urte bitarteko errenta ertaineko gazteek jaso ahalko lukete. Getxon erroldatuta daudenentzako eta alokairua kontratupean dutenentzako programa litzateke, etxebizitzen gehieneko prezioari muga jarrita, alokairuen igoera ez ahalbidetzeko.

"EH Bildutik zehatz mehats deialdi baldintza idazkia idatzi eta aurkezteko esfortzu handia egin dugun arren, erantzunik gabe gaude une honetan. Ez al zaio EAJri hau interesgarria iruditzen? Ez al da bere hitza betetzeko gai? Edo ez al da fidatzekoa? Beste behin ere erakusten dute EAJk ez duela inolako borondaterik alokairu parke publikoa sustatzeko Getxon", amaitu dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun