Uztailaren 17tik 19ra izango da Getxoko Blues Jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 9a, 15:49

26. Nazioarteko Blues Jaialdiaren egitarauan "Chicago Blues: A Living History" proiektua izango da protagonista nagusia. Billy Boy Arnold, John Primer, Lurrie Bell eta beste sei musikari bildu dira horretan Chicagoko erritmoak omentzeko. Smokin' Joe Kubek & Bnois Kingek eta Víctor Aneiros eskarmentu handiko bluesman galiziarraren bandak osatzen dute musika eskaintza. Azken talde horretan musikariak estatu mailako musikari ospetsuenetako batzuk bildu ditu Aneirosek. Saioak Algortako Biotz Alai plazan izango dira 21:00etatik aurrera, uztailaren 17tik 19ra, eta sarrerak Villamonteko kultur etxean eta Kutxabank-en salmenta sarean daude salgai. Getxoko Kultur Etxeak gaineratu duenez, aurtengo jaialdiak Living Blues Awards sari ospetsuenetarako izendatutako zenbait artista bilduko ditu. John Primer gitarra-jotzailea (Chicago Blues: A Living History) artista onenaren mailan izendatu dute eta Smokin’ Joe Kubek & Bnois King, disko onenarenean “Road Dog’s Live” lana dela medio. Argazkian, aurtengo egitarauan "Chicago Blues: A Living History" proiektua izango da protagonista nagusia / © Getxoko Kultur Etxea.

Hasteko, ekainaren 17an, ostegunean, "blues iberikoaren" irudi garrantzitsuenetako bat izango dugu hirian: Ferrolgo Victor Aneiros, hain zuzen ere. Bluesaren agertokian 80ko hamarkadan egin zuen debuta eta orain bakarkako bidea hasi du. Ordudanik lokal eta jaialdi ugaritan parte hartu du, Espainian zein Espainiatik kanpo, artista handiekin, gainera: Big Bill Morganfield, Coco Montoya, Raimundo Amador eta BB Kingekin, besteak beste. Getxora Julie Guravich kantari kanadarrarekin eta luxuzko hainbat laguntzailerekin etorriko da: Big Mama Montse abeslaria, Tonky de la Peña gitarrista, Mingo Balaguer harmonika-jolea eta Roberto Somoza saxofonista.

Ostiralean, hilak 18, Smokin' Joe Kubek & Bnois King bikoari egingo diogu harrera. Musika-panoramako biko interesgarrienetako bat da, erritmo elektrikoak eta jazzaren eta soularen moduko soinuak bateratzen baitituzte. Kubek soinu elektriko texastarraren adierazgarri nagusietako bat da. Irvingen hazi zen eta nerabe zela Dallasko kluben zirkuituan jotzen zuen dagoeneko, gitarra-jole trebea baitzen. Bnois King (1943, Delhi; Louisiana) 1989an ezagutu zuen jam saio batean; gitarra jotzen zuenean jazzaren eragina nabaritzen zitzaion, eta abesten zuenean soularena. Geroztik, bikoteak egiten duen bluesaren ardatza haien gitarren bat-egitearen oreka biribila da. Dagoeneko 25 urte egin dituzte elkarrekin eta mundu osoko areto eta jaialdietan aritu dira; Getxo&Blues jaialdian izanda daude lehenago, 1999an, hain zuzen ere, eta entzuleek harrera oso ona egin zieten.

Kontzertu nagusia

Jaialdiko kontzertu nagusian Chicagoko bluesa izango da protagonista. Ekainaren 19an, larunbatean, "Chicago Blues: A Living History" proiektuaren txanda izango da. Taldeak Chicagoko bluesa omentzen du, eta "haizearen hiri"ko musikari adierazgarrienetako batzuk ditu kide: Billy Boy Arnold eta Billy Branch harmonika-joleak eta John Primer, Lurrie Bell eta Carlos Johnson gitarristak. Musikari horiek behin baino gehiagotan aritu dira elkarrekin lanean eta, ondorioz, ezin hobeto ulertu dute elkar chicagotar soinuaren eredu diren hainbat musikari-belaunaldiren lana ezagutzera ematen duen proiektu honetan. Jaialdia amaitzeko, Medicine Blues euskal taldearen blues-rock erritmoak izango ditugu gozagai Algortako The Piper's Irish Pubean, larunbatean, hilak 19.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun