Igandean 20 urte beteko dira Luis Maria Zuluaga “Zulu” iheslaria hil zenetik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 9a, 17:07

Luis Maria Zuluaga “Zulu” Pinuetako errefuxiatua 1994ko uztailaren 13an hil zen Venezuelan 63 urte zituela, UKBERRI.NETi Itzubaltzeta / Romoko hainbat lagunek gogora ekarri diotenez. Heriotza burmuinetako isurketa baten ondorioz izan zen, baina erbestean igaro zituen bederatzi urteetan Zuluagaren osasuna asko makaldu zen eta giltzurrunetako gaixotasun bat dela medio astean bitan hemodialisia egiten zioten. Izan ere, saio baten ostean pairatu zuen heriotza eragin zion burmuinetako isurketa. Orain urte batzuk, Uribe Kostako AAMk “Zuluren duintasuna eta justizia sozialaren alde bizitza osoan egindako borroka” goraipatu zituen. “Zulu” Zornotzan jaio eta Pinueta auzoan bizi zen, Itzubaltzeta / Romoko Leioako aldean, 1985era arte, emaztea eta bera alde egin behar izan zutenean. Geroago Aljeriara deportatuta bidali zuten eta handik Venezuelara. Bere errautsak Venezuelan daude, kutxa batean, Euskal Herrira noiz etorriko zain, berak horrela esanda utzi baitzuen: “ez naiz Euskal Herrira itzuliko, azken errefuxiatua itzultzen ez den bitartean, ezta hilda banago ere”. Argazkian, gazte pare bat Zuluaga oroitzen 2011ko Gudari Egunean, Pinuetako bere etxea izan zenaren azpian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun