EBko 12 estatutan 19 proiektu diruz lagunduko ditu Europako Batzordeak. Horien artean, Bizkaiko golkoko itsaso zabalean, Armintzan, plataforma eoliko bat jartzeko 33,4 milioi euro bideratu dituzte, Connie Hedegaard Klima Ekintzaren komisarioak atzo emandako prentsaurrekoan azaldu zuenez. Plataformak bost megawatteko bi aerosorgailu izango ditu, eta bi megawatteko beste bi. Guztira, 1.000 milioi euro inbertituko ditu Europak, 19 proeiktuetan. Diru-laguntzak NER300 energia berriztagarrien ekimen berritzaileak finantzatzeko programaren parte dira. Gainera, inbertsio pribatuak beste 900 milioi euroko ekarpena egitea espero dute, Hedegaard-ek azaldu zuenez. "Egitasmo horiekin klima babesten eta ikuspuntu energetikotik Europa burujabeago bat egiten lagunduko dugu", ziurtatu zuen Klima Ekintzaren komisarioak. Aukeratutako ekimenek EBko energia berriztagarrien urteko produkzioa handituko dutela uste du Europako Batzordeak. Argazkia: © Revista Eólica y de Vehículo Eléctrico.