Etxekoak mehatxu handia dira Sopela Pro Junior surf txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 9a, 20:25

Uztailaren 24tik 27ra jokatuko da Sopela Pro Junior surf txapelketaren edizio berri bat Arriatera hondartzan; surflari eta ekitaldi askoren eszenatokian, alegia. Udal sopeloztarrak nabarmendu duenez, txapelketa geldiune garrantzitsua da ASP Europe Pro Junior Series delakoaren Europako junior zirkuituan. Izan ere, ASP berak, junior ekitaldi onena dela ziurtatzen du. Lehiakideen artean, etxekoak mehatxu handia dira. Halaxe adierazi du egungo lider Vasco Ribeiro surflari portugaldarra. Besteak beste, bertoko Natxo Gonzalezen aurka arituko da, eta Ethan Egiguren donostiarra ere arerio izango du; biak, Portugalen ospatutako aurreko proban finalistak izan ziren. Emakumezkoen rankineko buru den Tessa Thyssen, Guadalupe irlakoa, Leticia Canales sopeloztarraren maila azpimarratu du, faboritoen kiniela guztietan agertzen baita. Sopelako surflaria hirugarren postuan geratu zen Portugalen, eta ez da ahaztu behar egungo Europako txapeldunordea dela eta mundu mailan bederatzigarrena. Emakumezkoen probak protagonismo handiagoa izango du aurtengo edizioan, haiei zuzenduriko probak izar bat gehitu baitu. Horrela, bi izar izango ditu emakumezkoen proba, eta bakarra gizonezkoena. Argazkia: © Sopelako Udala.

Proba honetan 20 urtetik beherako 140 surflarik parte hartuko dute. Gizonezkoen zirkuituko 5 probetatik bigarrena da, eta emakumezkoen kasuan ere, 6 probetako bigarrena izango da ere.

"Oraindik goizegi bada ere Sopelan izango ditugun olatuak nolakoak izango diren jakiteko, egia da, sorpresa politak izan ahal ditugula; laster edo beranduago, hain ospetsuak diren olatuak oparitzen baitizkigu Sopelako hondartzak, iazko finalean bezala", adierazi dute udal arduradunek. Zirkuitu honetan parte hartzen duten gazte askok, mundu mailako WQS zirkuituan ere parte hartzen dute. Junior mundialera ere tranpolin zuzena da. Horregatik, aukera ezin hobea da etorkizun laburreko mundu mailako liderrak etxean lehiatzen ikusteko.

Peñatxuri Surf Taldeak antolatzen du ekitaldia; Sopelako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Red Bull eta Surfing Euskadiren babesarekin eta Euskal Herriko Surf Federazioaren laguntzarekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun