Itzubaltzetako "28ak ere libre!" lantaldea abiatuko da gaur

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 15a, 20:18

Datorren irailaren 22tik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten Imanol Beristain Gutierrez "Lolo" itzubaltzetarrari eta beste 27 gazteri babesa eman eta elkartasuna bideratzeko "28ak ere libre!" lantaldea abiatuko dute gaur. Hitzordua Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkartean jarri dute, arratsaldeko 7:30ean. Pasa den astean, Imanol Beristain auziperatua eta oraindik epaiaren zain dagoen Branka elkarteko kideak entzun ostean 50 bat auzokidek gaurtik aurrerako oinarriak eta lan ildoak finkatu zituzten, asanblada irekian. Beristainek eta beste gazte independentistek pairatutako tortura, tratu txar fisiko zein psikologikoak salatu; militantzia politikoaren balioa eta eskubidea aldarrikatu; eta Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal herritarrak epaitzeko ahalmena ukatzea izango dira mezu nagusiak gazteak aske uzteko aldarrikapen nagusiarekin batera. Bitartean, gazteen defentsarako beharko duten 110.000 bat euro eskuratzen saiatuko dira. Gaurko batzarrean agertzerik ez duenak bere ekarpenak egin ditzake Branka tabernan utziz. Argazkian, pasa den asteko agerraldia.

Auziperatutako neska-mutil guztiei Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izan izana leporatzen diete, Fiskaltzak seina urteko espetxe zigorra eskatu duela. Izan ere, delitu bera egotzi zieten urria eta urtarrila bitartean epaitutako Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarrari eta beste 39 laguni. Horiei pasa den ekainaren 11n absoluzioa eman zien Espainiako Auzitegi Nazionalean eta, egun batzuk beranduago jakin zenez, Fiskaltzak zein akusazio partikularrek uko egin zioten epaia errekurritzeari. Beraz, 40en epaia irmoa da.

Oraingo 28 gazteek epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuten pasa den ekainaren 21ean egindako agerraldian, haien aurkako frogak absolbituen aurkakoen “berdin-berdinak” direlako. Gaineratu zuten epaiketak lau hilabete iraungo duela, eta horrek gastu ekonomiko nabarmena ekartzeaz gain, "beraien bizitzetan (lanean, ikasketetan, eta abar) eragin zuzena" izango duela. Ohartarazi zuten, gainera, dagoeneko 795.000 euro ordaindu dituztela fidantzetan, bakoitzak urtebete pasa igaro baitzuen espetxean. Imanol Beristain itzubaltzetarrari dagokionez, kartzelan 16 hilabetez preso egon ostean, 2012ko otsailaren 27an zeharkatu zuen Madrilgo Alcala espetxeko atea. Senideek 30.000 euroko fidantza ordaindu behar izan zuten.

Beristain 2010eko urriaren 22an atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Fernando Grande Marlaska epaileak Segiko Ipar Uribeko arduraduna izatea leporatu ziola. Bost egun beranduago, itzubaltzetarrak tratu txar fisiko zein psikologikoak pairatu zituela salatu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Besteak beste, poltsa, kolpeak eta mehatxuen berri eman zuen. Harrez gero, prebentibo egoeran izan zuten Alcala espetxean, Getxotik 413 kilometrotara.

Kartzelan egon zen bitartean, alaba izan zuen Imanolek, kalera atera arte aurrez aurreko bisitetan baino ez zuena ikusi. Beristainen egoera salatzeko makina bat mobilizazio egin zuten bere herrikideek zein Algortako San Nikolas ikastolako lankideek, tartean Itzubaltzeta / Romoko hiru auzokidek 5.000 eurotako isuna ordaindu behar izan zuten, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak haien aurkako zenbait salaketa jarri ondoren.

Gazte auzipetuek orain bi aste kaleratutako oharra:

Gaur, 2009 eta 2010. urteetan euskal gazteriaren aurka egindako makro operazioetan atxilotu, torturatu eta espetxeratu gintuzten gazteak elkartu gara hemen. Duela astebete eskas absolbitutako 40ak eta datorren irailean epaituak izatera deitu gaituzten 28ak.

Ba bai, horrela da, duela astebete eskas leku honetan bertan eman zuten gure artean dauden 40 gazteek beraien absoluzioaren berri, eta egun gutxi batzuen buruan jakin dugu gure aurkako epaiketa datorren irailean hasi eta abendua bitarte luzatuko dela.

Baina, zein zentzu du horrek? Gure sumarioa oraintxe bertan absolbituak izan diren 40 gazte hauenaren jarraipena zela esan ziguten, beraiek ordezkatu genituela, eta gainera, gure aurkako frogen artean inkomunikazioan burututako deklarazioak daude eta epaileak berak onartu du inkomunikazio aldi honetan ez dagoela berme nahikorik. Horretaz gain, gure aurka aurkeztu dituzten frogak, berdinak dira kasu gehienetan. Zergatik mantentzen dituzte gure aurkako akusazioak orduan?

Auzi honen barruan gauden gazteak 2010eko urrian eta abenduan burututako 2 polizia operaziotan eta ondoren, Izpuran burututako ekimenaren ondotik Ipar Euskal Herrian atxilotuak, inkomunikatuak eta espetxeratuak izan ginen. Gutariko askok, torturak pairatu genituen. Urtebete baino gehiago espetxean egon ostean, gure senide eta lagunek, orotara 795.000 euroko fidantzak ordaindu behar izan zituzten gure askatasunaren truke.

Aste honetan, ia lau urte geroago, epaituak izango garela jakinarazi digute. Epaiketa, irailaren 22an hasiko da eta abenduaren 18an amaitzea espero da. Guztira, lau hilabetetan zehar banatuko dituzten 30 saio izango dira, honek dakarren ondorio guztiekin ( arlo ekonomikoan, lan arloan, ikasketen arloan..). Bakoitzari 6 urteko espetxe zigorra eskatu digute, guztira 168 urtekoa.

Honen aurrean, honakoa adierazi nahi dugu:

- Salbuespenezko tribunal arrotz bat den heinean, Audientzia Nazionalak ez duela inolako legitimitaterik gu epaitzeko. Soilik Euskal Herriak dauka gure lan politikoa epaitzeko eskubidea.
- Militantzia politikoa ez litzake sekula epaitua izan behar, are gutxiago egun bizi dugun testuinguru politikoan. Gure herrian fase berri bat ireki da gatazkaren soluziobidean eta errepresioak ez du lekurik.
- Gure bizitzaren esparru guztietan prekarietatea inposatzen digun sistema honen aurrean, euskal gazteriak eskubide osoa duela amesten duen etorkizun horren alde antolatzeko eta borrokatzeko. Guk konpromiso hori hartu genuela, mantentzen dugula eta mantenduko dugula. Kapitalismo heteropatriarkal basati honek gazteongan dituen ondorio larriak salatzen jarraituko dugula, eta baita amesten dugun Euskal Herria eraikitzen (lan baldintza duinak borrokatzen, emakumeon eskubideen alde borrokatzen, aisialdi eredu alternatiboak eraikitzen, bestelako hezkuntza eredu bat lantzen…) Independentziarako aukera inoiz baino gertuago dagoen une honetan, euskal gazteriari konpromiso kolektiborako deia egin nahi diogu.
- Honekin batera, euskal jendarteari herri gisa eta ideologien gainetik, gatazkaren konponbidearen ildoan aktibo izatera dei egin nahi diogu, alegia, elkartasunetik konpromisora jauzi egiten jarraitzea. Gatazka konpontzeko borondateak batzen gaitu, eta hori bedi euskal herritarren gehiengoaren konpromisoa aktibatuko duen elkargunea.

Azkenik, Estatu espainoleko botere legegileari, judizialari eta betearazleari honakoa eskatu nahi diogu: iraganeko estrategia errepresiboa bertan behera uzteko neurriak har ditzan eta gure epaiketa zein datozen hilabete eta urteetan egitekoak diren beste epaiketa guztiak bertan behera utz ditzatela Euskal Herriak eskatzen duen konponbidearen aldeko bide hartuz.

Euskal jendartearekin batera, Konponbidearen alde borrokan jarraitzeko, Gu ere libre!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun