Israelek egunotan Gazatarren aurka darabilen eraso operazioa salatuko dute gaur Plentzian eta etzi, ostiralarekin, Itzubaltzeta / Romo eta Areeta artean. Gaur, Plentziako portuko Garrandona plazan elkarretaratzea egingo dute bertako zein Gorlizko herri mugimenduek. Hitzordua 18:30ean jarri dute, "Palestina askatu. Israel genozida!" lelopean. Itzubaltzetan, berriz, Sortu, LAB eta Ernaik antolatu dute kontzentrazioa ostiralerako, 20:00etan, Areetako Xake plazan, "Palestina aske. Israel hiltzaile utzi Gaza bakean" aldarrikapenarekin. Bitartean, ostegunean Bilbon manifestazioa egingo dute, 19:00etan, Bilboko Arriaga plazatik. Dagoeneko, 208 dira Israelek itsasontzi, artilleria eta abioietatik jaurtitako misilez, obusez eta bonbaz bederatzi egun hauetan hildako pertsonak, haietatik berrogei gutxienez haurrak izan direla. Zaurituak, berriz, 1.400 baino gehiago izan dira, asko eta asko Israelek bonbardatu eta eraitsitako 612 etxeetan harrapatu dituztela. Bitartean, israeldar bat hil dute Gazako miliziek botatako jaurtigaiek. Oraingoz, 13.500 palestinar kaltetu ditu erasoaldiak, baina
Berria.info-k zabaldu duenez, Israelek 100.000 gazatarri agindu dio bere etxea uztea, inolako aterperik eman gabe. Horretaz gain, Palestinan indar okupatzailea denak Siriari eta Libanori ere eraso egin die,
Argia.com-ek jakinarazitakoaren arabera. Atzo bost ordutako su-etena izan zen Israelen partez, Egiptok eskatuta. Hamasen iritziz, treguan Gazaren blokeoa mantenduko bazen su-etena ez zen onargarria eta jaurtigaiak botatzen jarraitu zuen. Bitartean, Gurutze Gorriak ohartarazi du
laster Gazak ez duela ur edangarri nahikorik izango, Israelek ur azpiegiturak bonbardatu eta ur zerbitzuko langile ugari hil dituelako. Argazkian, gazatar bat zauritutako umea ospitalera eramaten pasa den uztailaren 8an / cc-by
Basel Yazouri.