Ertzaintzak gizon bana atxilotu zuen atzo goizaldean eta herenegun iluntzean Plentzia eta Leioa udalerrietan, biei genero indarkeria leporatuta. Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, eraso biak asteartean izan ziren. Plentziakoa arratsaldeko 8:30ak aldera izan zen eta Leioakoa 23:25ak aldera. Itsas hiribilduan, ertzainek 50 urteko gizon bat atxilotu zuten, biktimaren etxearen inguruan, bikotekide ohiari ustez eraso egin ostean. Emakumeak sudurra handituta eta odoletan zuen, balizko erasotzaileak emandako ukabilkadaren ondorioz. Leioan, poliziek biktimak eta ustezko erasotzaileak partekatzen duten etxera hurbildu eta 68 urteko gizona atxilotu zuten, genero indarkeria egotzita. Eztabaida baten ondoren, gizonak bikotekideari eraso egin ei zion. Anbulantzia batean artatu zizkioten zauriak biktimari. Argazkian, bortxakeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Plentzian / cc-by-sa Plentziako Bildu.