Urdulizko lanekin Ibarbengoako parkingaren beharraz galdetu du EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 19a, 18:51

Getxoko EH Bilduk bi neurri hartuko ditu datozen egunetan Ibarbengoako parkingaren proiektuan "erabakigarria" izan beharko litzakeen informazioa argitu dadin. Alde batetik, uztailaren 24ko osoko bilkuran, Imanol Landa EAJren alkateari eskatuko diote, erreguen atalean, Bizkaiko Garraio Partzuergoari eta Metro Bilbaori, "bietan maila pertsonalean zein udal ordezkari bezala ardura dituenez gero", eska diezaiela informazioa Urdulizen trenbidea lurperatzearekin aztertzen ari den metro frekuentziak handitzeaz Urduliz-Sopelatik. Bestalde, Leioako EAJren alkate izandako Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendariari bilera eskatu diote, azalpenak eman ditzan frekuentzien aldaketei buruz zein Ibarbengoako parkingaren lanen inguruan. "Behin eta berriz salatu dugu proiektu horren inguruan dagoen iluntasuna eta gestio txarra zein proiektuaren atzean dauden espekulazio eta aberaste interesak. Baina egoera larriagotzen da orain, parkingaren ustezko justifikazio bakarra zen Uribe Kostatik Getxora frekuentzia bila datozen metro erabiltzaileentzako disuasio parkingarena, erabat erori daitekeenean, epe laburrera Sopela edo Urdulizetik frekuentziak alda daitezkeela jakinda", salatu du Getxoko EH Bilduk. Argazkian, irailean Ibarbengoan, Tosu estartan, garabiak eta porlana sartzen ikusteko arriskuan, kanpaldi mugagabea deitu dute hilabete horretarako.

"Zergatik porlan gehiago Andra Mari bezala arnasgune batean Urdulizetik frekuentzia gehiago aukera badago? Zergatik iluntasun hori lan honen gestioan? Zergatik lau urtez itxita daraman geltokia?", diote koalizio ezkertiarreko ordezkariek.

Eneko Arruebarrenari gutuna:

Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendariari,

Getxoko EH Bilduko Udal Taldetik zuzentzen gara zugana bilera eske. Izan ere, Getxoko bizilagunek Ibarbengoa izendatutako geltokiaren inguruan egin nahi den parkingaren inguruko kezka ugari erakutsi dizkigute azken hileotan. Jakin badakizunez, Ibarbengoa Getxoko arnasguneetako bat den Andra Mari auzoan eraiki nahi da eta horrek kezka handia sortu du.

Jakin izan dugu, Urdulizko metroaren lurperatze lanak direla eta Urduliz-Sopela geltokietatik metro frekuentziak handitzeko aukera zabaldu daitekeela. Seguru gaude albiste pozgarria dela hori Urduliz, Sopela, Larrabasterra eta Berangoko metro erabiltzaileentzat, Metroak ematen duen zerbitzua erraztasun handiagoz gozatu ahal izango dutelako.

Gai biak (geltoki-parkinga, frekuentziak) lotuta ikusten ditugunez, eta Getxoko herritarren ordezkari garenez gero, honen inguruko informazioa ahalik eta zehaztuena izatea gustatuko litzaiguke.

Gure eskaera ahalik eta lasterren kontuan izango duzulakoan eta aldez aurretik eskerrak emanez, adeitasunez.

Maitane Nerekan, Bingen Saitua, Arantza Gutierrez eta Roberto Martin, EH Bildu Getxoko udal ordezkariak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun