Uztailaren 28an helduko da eskualdera AHTren kontrako bizikleta martxa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 20a, 21:50

Uztailaren 25etik abuztuaren 2ra, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako II. Bizikleta martxa desobeditzailea izango da, Mugitu! mugimenduak deituta. Aurtengoan, Bizkaiko hainbat herri eta eskualdetan barrena ibiliko da, “Herririk herri, txikizioaren aurka mugi!” lelopean. Aipatu ostiralean Durangorik abiatu ostean, hiru egun beranduago (hilak 28) helduko da Uribe Kosta eskualdera. Astelehenean, Lemoizen bukatuko dute Gernikan hasitako etapa. Horrenbestez, 18:00ak aldera helduko dira desobeditzaileak Basordas auzora, ordu bete lehenago Bakoitik abiatu ostean, Lemoizko zentral nuklearraren hondakinak ikusi eta azalpenak entzuteko. AHTren kontrako ziklistek Lemoizen afalduko dute 20:00etan eta mahai-ingurua izango dute ordu bete beranduago: “Lemoiz: borroka antinuklearraren mugarri” gaiaren inguruan, Carlos Alonsok (Komite antinuklearrak), Torre Altonaga “Medius”-ek, Juantxo Estebarantzek eta Talaia elkarteko (Lemoizko bizilagunak) kideek hartuko dute hitza. Hurrengo eguna, asteartea, eskualdean emango dute, Uribe Kostako harrera ekitaldia Plentziako Astillero plazan izango dela 11:00etan. Argazkian, lehenengo geldialdia Lemoizko zentral nuklearrean egingo dute Uribe Kostan.

Besteak beste, Armintzako BIMEP energia instalazioaz azalpen informatiboa eman, Txipioko paduraren garaipenaren kontaketa egin, Barrikako txikizioaz hitz egin, Getxoko Tosuko landen erabilera aldarrikatu eta Abrako uretan egin gura duten harea erauzketa salatuko dute. Martxari agur esango diote Areetan, Bizkaiko Zubian. Portugaletetik sartuta, ezkerralderako bidea hartuko baitu.

Herriz herri pedalei eraginez, bizikleta martxa honek AHTren aurkako aldarria zabaldu eta gure lurraldearen, herrien eta auzoen "hondamenari eusten dioten bizilagunekin eta taldeekin" elkartuko da, Mugitu! mugimenduak azaldu duenez, "zuzenki kaltetua den jendearengandik hasi eta lurraren defentsan nahiz berreskurapenaren alde borrokan ari diren taldeekin bat eginez". Helburu hori aurrean, Durangaldean hasiko da bizikleta martxa eta zortzi egunetako itzulian Arratia, Txorierri, Urdaibai, Uribe Kosta, Ezkerraldea, Enkarterriak eta Hego-Uribera gerturatu ondoren, Bilbon amaituko da.

Uribe Kostako egitaraua:

Uztailak 28, astelehena

18:00 Lemoizko zentral nuklearraren hondakinak eta azalpenak.
19:00 Lemoiz.
20:00 Afaria.
21:00 Mahaingurua: “Lemoiz: borroka antinuklearraren mugarri”, Carlos Alonso (Komite antinuklearrak), Torre Altonaga “Medius”, Juantxo Estebarantz eta Talaia Elkartea (Lemoizko bizilagunak).

Uztailak 29, asteartea

09:30 Lemoiztik abiatuko dira.
10:00 Armintza. BIMEP energia instalazioaz azalpen informatiboa.
11:00 Plentzia. Uribe Kostako harrera ekitaldia Astillero plazan.
11:20 Plentziako tren geltokian, "Txipioko padura: garaipen baten kontaketa", Txipio Bai taldearen eskutik.
12:00 Txikizioa Barrikan (Barrikako sarreran).
12:20 Sopelako gasolindegitik pasako da.
12:35 Azkorriko basoaren sarreran Sopelatik etorrita: Muga fisiko eta naturalak, errepide berriaren inguruko azalpenak. Azkorriko basoa ezagutzen oinez.
13:15 "Tosutik ez dira pasako!" ekimena Tosuko landan (Getxo).
14:00: Bazkari herrikoia Tosun, Andra Mariko bizilagunen eskutik.
16:00 Martxa jarraitu, buelta Algortatik.
16:30 Portu zaharra, txonbo herrikoia sirenoarekin.
17:30 "Dragarik ez!" azalpentxoa, Portu Zaharrean.
18:30 Itzulbaltzetako Santa Eugenia plazan, Getxoko egoera urbanistikoaren azalpena. Eta jolasak.
19:30 Martxari ongi-etorria Ezkerraldean, Bizkaiko Zubian.

AHTren aurkako II. Bizikleta martxa desobeditzailea

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun