Besteak beste, Algortako Jai Batzordeak iaz salatu zuenez, festak aurrera ateratzeko jartzen zituen baliabideen (argindarra, heziak, biltegi moduan erabiltzeko kontainerrak, mahaiak, aulkiak, komunak...) diru-partidetan "artazia ere sartu du" tokiko erakundeak. Anbulantziei dagokienez, aurrekoetan ez bezala, iaztik jai batzordeak berak ordaindu beharko ditu. Eta eszenatokiekin gertatutakoa ez da gutxiagorako. Udalak dituen bi agertokiak partekatu behar dituzte jai batzordeek. Hartara, bestelako eszenatoki edo tarimarik jarri nahi izatekotan tokian tokiko antolatzaileek jarri beharko dute dirua. "San Inazioak eta Itzubaltzeta / Romoko festak jarraian izan arren, eskerrak ez gaituztela agertokirik gabe utzi", adierazi zuen iaz Algortako jai batzordeak. Horretarako, Berangoko eta Urdulizko udalei bana eskatu die Getxokoak. Horiek guztiak batuta, "%20koa beharrean, %34koa izango da murrizketa", salatu zutenez.
Bere aldetik, Koldo Iturbe Kultura zinegotziak goraipatu du “jai batzordeek era boluntarioan egiten duten lan garrantzitsua, bai jai handietan zein auzo txikiagoko jaietan, egitarau erakargarriak, parte hartzaileak eta gure kulturaren aldekoak eta euskaldunak antolatzen, garai zaila bizi arren”. Herritarrek biziki eskatutako su artifizialekin aurten berriro gozatu ahal izateko "Udalak egindako esfortzua" gogoratu ondoren, Iturbek beste urte batez dei bat egin du: “jaietan alaitasunez parte hartzeko, errespetuzko eta bizikidetzako giroan eta bakean”.
Zirkulazio neurriak
Ohi bezala, Paella Txapelketaren egunean, Udaltzaingoak zirkulazioa errazteko behin-behineko ordezko ibilbidea ezarriko du trafikoa arintzeko. Jai eremura Aingeruaren Etorbidetik eta Gustavo Adolfo Bécquer (horretan bidearen albo banatan aparkatu ahal izango da) kaletik sartu beharko da eta irten Bostgarrena, Peña de Santa Marina eta Gabriel Ramos Urangatik.
Bestalde, Saninazioetan, Algortako jaietako eremua egunero itxita egongo da autoentzat hurrengo moduan: uztailaren 30etik abuztuaren 2ra, 18.00etatik 06:00etara. 69. Getxoko Zirkuitua-XIV. Ricardo Otxoaren Oroimenezkoan ere zirkulazio neurri batzuk ere ezarriko dituzte uztailaren 31n, hain zuzen ere, Getxoko ibilbide osoan, 09:00etatik aurrera lasterketa igaroko den kale guztietatik txirrindulariek eramango duten noranzkoan ibiliz. Ereagan, pasealeku ondoko bidean barrakak daudela eta, Turismo bulegoaren eta igogailuaren arteko zatian, hegal ondoan, bi noranzko bidea egokituko da aldi baterako. Neurri hori uztailaren 22tik abuztuaren 5era bitartean egongo da indarrean, barrakak publikoarentzat soilik uztailaren 25etik abuztuaren 4ra bitartean zabalik egongo badira ere. Azken egun hori egun herrikoia izango da eta barraken prezioa euro batekoa izango da.
Romon eta Portu Zaharrean antzeko neurriak jarriko dituzte indarrean. Gainera, Romon, beste behin-behineko etete batzuk izango dira, Herri Krossagatik, goitibehera jaitsieragatik, pregoiagatik eta txupinazoagatik. Portu Zaharrean jaietako muntatze lanak egiten hasten direnetik itxiko da bidea Ereagako igogailuaren paretik, aparkalekua hesiekin zarratuko dute, eta ez da hilaren 19ko goizera arte zabalduko, behin jaiak amaituta eta aldi bateko instalazioak kenduta. Hornikuntzako ibilgailuak eta egiaztagiri berezia dutenak baino ezin izango dira sartu.
Erasorik ez eta arriskuen murrizketa
Seigarren urtez jarraian, Udalak jaietan errespetuz parte hartzeko eta gozatzeko animatu nahi ditu herritarrak Eraso sexistarik gabeko Berdintasunezko jaien alde kanpainaren bidez. Herritar guztiei zuzendutako ekimenak berdintasunezko jai eredua defendatzen du. Eredu horrek aldarrikatzen du gizonak etxeko lanez eta zaintzaz ere arduratzea eta adin guztietako emakumeek jaiekin gozatzea, askatasun osoz eta sexu-erasoak jasateko beldurrik gabe.
Era berean, Getxoko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, zazpigarren urtez jarraian, alkohola eta beste droga mota batzuk hartzeari lotuta ager daitezkeen arriskuak murrizteko ekimena bultzatuko du. Alde batetik, karpa bat jarriko dute alkoholemia-kontrol boluntarioak egiteko eta bestetik, furgoneta-karpa bat izango da ere, jaietan bertan informazioa emateko eta drogak aztertzeko zerbitzuekin (Testing programa). Biak abuztuaren 15ean egingo dira Portu Zaharreko jaietan, 00:00etatik 03:00etara.