Gazaren aurka Israelek darabilen suntsiketa gaitzetsi du Sopelako Udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 23a, 19:02

Palestinako herriaren aurka Israelgo Estatua burutzen ari den "suntsiketa eta okupazio operazioa" gelditzearen aldeko adierazpen instituzionala onartu zuen atzo Sopelako Udalbatzak. Adierazpena alkatetzak aurkeztu zuen, eta hiru alderdi politikoren emendakinak jaso zituen: EH Bildu berarena, EAJrena eta PSE-EErena. Behin betiko testuak hiru alderdien aldeko botoa jaso zuen: EH Bilduren 7 zinegotzienak, EAJ-PNVren zazpi zinegotzienak eta PSE-EEren zinegotzi bienak. PPko ordezkari bakarrak kontra bozkatu zuen. Beraz, aldeko 16 boto eta kontrako boto bakarra egon zen. Besteak beste, Sopelako Udalak Nazioarteko Erkidegoari eta bereziki Nazio Batuei, Arabiar Ligako Herrialdeei eta Europar Batasunari, berariaz espainiar Estatuari, eskatu die "biztanleria zibila babesteko behar diren neurri eta lege mekanismoak hartzea eta behar besteko ekimenak abian jartzea, elkarren kontrako eraso horiek bertan behera uzteko eta Gazaren inbasio militarra geldiarazteko, eta gatazka egoeran bizi diren alderdi bientzako behin betiko su etena hitzartzerik egon dadin". Argazkian, uztailaren 11z geroztik Palestinako bandera jarrita dago udaletxeko balkoian / © Sopelako Udala.

Adierazpen instituzionala

Hiru gazte israeldarren bahiketa eta erahilketaren ondotik, palestinar biztanleriaren kontrako zigor kolektibo bat ari da burutzen, ehundaka lagunen atxiloketa, milaka etxeen miaketa, suntsituak izan ez direnean, eta ehunka palestinar erailketa (haurrak barne), egunez egun hasten doan heriotzaren balantze bat osatuz.

Eskalatze militarrak gora egin du azken egunotan, gaueko bonbardaketekin, mugan tanke eta soldaduen metaketarekin, Gaza okupatzeko mehatxuarekin eta Gazatik Israelera jaurtitako misil eta suziriekin batera.

Israelek Gazaren kontra burututako erabateko erasoak, munduko zonalde populatuenetariko baten kontrakoa, proportzionaltasun, zuhurtzia eta borrokalarien eta zibilen arteko bereizketa printzipioak urratzen ditu, eta nazioarteko legeak dioen moduan guztiz arbuiatu behar da. Ezer konpontzetik urrun erasook lortuko duten bakarra egoera okertzea eta eskualdeko ezegonkortasuna handitzea izango da, honez gain, gatazkarekin zerikusirik ez duten biktima ugari sortzea.

Are gehiago, gertaerek aditzera ematen dute Israelgo estatuak Palestinar herriaren aurkako suntsiketa operazio erraldoi honekin, Israelek jauzi kualitatibo bat egin nahi duela bere neurri gabeko eta zuzenbidearen aurkako espantsio- eta Palestinako lurren okupazio-estrategiaren barruan, NBEren Asanblada Nagusiaren ebazpenen kontra, eta Palestinak batasun nazionaleko gobernua osatzearekin eman duen pausua suntsitzeko asmoz.

Eraso hau, NBEren ebazpenen aurkakoa ezezik, giza eskubideak urratu, ehunka herritar zibilen heriotza eta Palestinako herriak bizirauteko behar dituen azpiegituren suntsiketa masiboa eragiten ari da.

Munduko gainontzeko herriok ezin dugu eskuak gurutzatuta geratu, Israel bezalako estatu batek, duen ahalmen militar osoarekin, urteetan zokoratuta, blokeatuta eta erasotuta bizi den herri baten kontra burutzen ari den genozidio eta suntsiketaren aurrean.

Bestalde, hainbat indar palestinarrek sustatutako batasun nazionaleko gobernua mehatxu gisa ulertu beharrean, Israelek ulertzen duen moduan, aukera eta norabide egokian emandako urrats gisa ulertu behar da, Palestinako herriaren ahots bateratuak edozein irtenbide errazten duelako.

Nazio Batuek onartutako mugak dituen estatu palestinar bideragarri baten aitortza dakarren elkarrizketa eta negoziazio prozesu inklusibo batek soilik, jar dezake konpontze bidean, sufrimendu izugarria eta eskualdean etengabeko ezegonkortasun eragin dituen gatazka hau.

Horregatik guztiagatik, Sopelako Udalbatzak honako adierazpen hau onartzen du:

ADIERAZPENA

1.- Sopelako Udalak dei egiten dio Israelgo estatuari, berehala geldi dezan Palestinako herriaren aurka burutzen ari den suntsiketa eta hilketa operazio erraldoia.

2.- Sopelako Udalak bortizkeriaren eskalatzea gelditzeko urgentziazko deia egiten du eta NBEren ebazpenetan oinarrituriko, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidezko gatazkaren konponbidearen beharra berresten du. Baita Giza Eskubideen errespetu osoa kasu guztietan ere.

3.- Sopelako Udalak Nazioarteko Erkidegoari eta bereziki Nazio Batuei, Arabiar Ligako Herrialdeei eta Europar Batasunari, berariaz espainiar Estatuari, eskatzen die biztanleria zibila babesteko behar diren neurri eta lege mekanismoak hartzea eta behar besteko ekimenak abian jartzea, elkarren kontrako eraso horiek bertan behera uzteko eta Gazaren inbasio militarra geldiarazteko, eta gatazka egoeran bizi diren alderdi bientzako behin betiko su etena hitzartzerik egon dadin.

4.- Borroka amaitutakoan eta su etena iragarri ostean, palestinar eta israeldarren arteko elkarrizketak berrabiatzearen aldeko agertzen da, nazioarteko erakundeen babes eta laguntasunarekin eta erregio horretan bake eta egonkortasun eszenatokia eraikitzea helburu, gatazkaren konponbidea bakean bilatuko dela konbentzituta, eta parte bien arteko negoziaketa zuzenaren bidez, interbentzio militar oro erabat baztertuz .

Adierazpen honen edukiaren jakinaren gainean jarriko da Sopelako herria, bando bidez, baita Israelek estatu espainolean duen enbaxada, Espainiako Gobernua, Palestinako Nazio Agintea eta komunikabideak ere.

Sopelan, 2014ko uztailaren 22an.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun