Sopelako Udal Gobernua: "Espainiako Armada ez da ongi etorria"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 23a, 19:50

Espainiako Armadak hainbat maniobra burutu ditu gaur Sopelako kostalde inguruan, tokiko Udal Gobernuak salatu duenez. Hedabideen bidez izan omen dute horren berri agintari sopeloztarrek. Hori dela eta, "gertaera hauen larritasuna kontuan hartuta", Espainiar Gobernuko Defentsa Ministerioaren aldetik inolako adierazpenik jaso ez izana gaitzetsi du Sopelako Udal Gobernuak. Tokiko agintariek berretsi dutenez, "Sopelako Udalak ez du inolako informaziorik edo jakinarazpenik jaso". Gauzak horrela, "bere kezka" agertu dute maniobra horiengatik, "gure udalerrian gerra-makinaria eta armak erabili direlako eta hori arriskutsua delako auzokide eta bisitarientzat". Ildo horretan, Sopelako Udal Gobernuak argi eta garbi adierazi du maniobra horien kontra dagoela eta "Espainiako Armada ez dela ondo etorria Sopelan". Argazkian, soldadu bat artxiboko irudian / © Espainiako Defentsa Ministerioa.

Gainera, tokiko agintariek salatu dute "horrelako maniobrak gurea bezalako herri turistiko baten kostaldean egitea, uda denboraldian bete-betean gaudenean". Are gehiago, "probokazio hutsa" deritze: "gaur egun bizi dugun egoera politikoan biolentzia-adierazpen guztiak desagertu beharko lirateke, eta urrats sendoak eman beharko genituzke Euskal Herriaren desmilitarizaziorantz. Mota honetako erakustaldi onartezina da", amaitu dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun