Aldarrikapen ugaritarako tartea eskualdeko jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 23a, 20:35

Azken orduko prestaketa lanak baino ez dira falta Gorlizen Santiago jaiei hasiera emateko. Ostegun honetan, uztailak 24, 19:45ean, pregoia irakurri eta txupina jaurtiko dute Eliz plazan, adin guztietarako dozenaka ekitaldiz beteriko egitaraua abiatuz, igandera (hilak 27) arte. Azken egun horretan bukatu, baina ostiralean hasiko dira Santa Ana jaiak, izen berbera daukaten Areeta eta Berangoko auzoetan. Bitartean, Getxo udalerriko ospakizun handienetako lehena, hain zuzen ere, uztailaren 25eko Santiago egunean izango da ohiko Paella Lehiaketarekin, bere 59. ekitaldian. Eta, nola ez, jaia eta gozamenerako ez ezik, aldarrikapenerako tartea ere izango da Aixerrotako landetan. Etxeratek deituta, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko kontzentrazioa egongo da, 12:30etik 13:30era. Gorlizi dagokionez, igandean Artzelu plazan batzera deitu du tokiko Gure Esku Dago taldeak, kamiseta jantzita, abestia kantatu eta argazki bat ateratzeko. Hitzordua 12:30ean jarri dute, bertan Eskulangintza Azoka dela eta. Azkenik, San Inazio jaiak hasi baino lehen, astelehenerako (hilak 28) agerraldi masiboa deitu du Algortako Bilgune Feministak, 19:00etan, Telletxe plazan. "Indarkeria sexista eta matxistaren kontrako prebentzio deia" izan gura du horrek. Argazkian, iaz dozenaka lagun batu ziren Aixerrotan, preso eta iheslarien eskubideen alde / cc-by Algortako Herri Bilgunea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun