Hamar talde Getxoko 69. Txirrindularien Zirkuituan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 23a, 21:26

Hamar taldek parte hartuko dute Getxoko 69. Txirrindularien Nazioarteko Zirkuitua-Ricardo Otxoa 14. Memorialean datorren uztailaren 31n, ostegunean, Punta Galea Txirrindulari Elkarteak, besteak beste, Udalarekin elkarlanean antolatuta. Esatea, nahiz eta ez batak ez besteak aipatu, Algortako Jai Batzordeak antolatutako San Inazio ospakizunetako egitarau barruan doala kirol proba. Punta Galea eta Getxoko Udalaren ordezkariek gaur emandako prentsaurrekoan aurreratu dutenez, UCI Pro Tour-eko ekipo bat (Movistar), bi profesional kontinental (Caja Rural eta Cofidis) eta zazpi kontinental (Euskadi, Burgos BH, MG Kvis Wilier, Area Zero Pro Team, Keith Mobel Partizan, Team Ecuador eta Alpha Baltic) egongo dira. 96 bat txirrindulari inguruko pelotoia izango da. Joseba Arrizabalaga Punta Galea Txirrindulari Elkartearen presidenteak, babesleek eta laguntzaileek adierazitako sustapena eskertu du eta elkarteak ekitaldia aurrera eraman ahal izateko egiten duen esfortzu handia azpimarratu du. “Lasterketa hau aurrera eramateko eta zirkuituarentzat eta oinarri-kirola sustatzeko babesa lortzeko lan egiten jarraituko dugu”, aipatu du. Argazkian, gaurko aurkezpen ekitaldia / © Getxoko Udala.

Imanol Landa alkateak, bere aldetik, azpimarratu du "aurten udalerria 2014ko Europako Kirol Hiria izateko izendapenak tokiko kirol klubak aspaldian egiten ari diren lan izugarria azpimarratzen eta nabarmentzen" duela, tartean Punta Galea Txirrindulari Elkartea. “Asko dira egin diren Getxoko zirkuituaren edizioak, eta horrek Punta Galea Elkarteak ekitaldi honen alde egiten duen apustu garbia adierazten du, urtez urte oinarri txirrindularitzaren alde egiten baitu eta nazioarteko txirrindularitzaren elitea udalerrira ekartzea gai baita, eta proiekzio garrantzitsua emateko erreferentea da udalerriarentzat. Punta Galeari omenaldia egin nahi diot zirkuitu hau gure kaleetara ekartzeko egiten duen esfortzuagatik. Ez da erraza; lan handia dauka atzetik, esfortzua eta konpromiso handia. Eta Udalaren konpromisoa da elkarlanean aritzea, zirkuitu hau udalerrian errealitatea izaten jarrai dezan. Ziur nago Txirrindulari elkartearen eta Udalaren, babesleen eta laguntzaileen artean txirrindularitzaren aldeko apustua hurrengo urtetan errealitatea izango dela lortuko dugula”, esan du udal agintariak.

Zirkuituaren ezaugarriak eta taldeak

Roberto Brunete zirkuituaren zuzendariak, azken 28 urtetan ekimenaren antolakuntzaren buru izan denak, aurten bere azken zirkuitua izango dela eta lekukoa pasatuko duela iragarri du eta datu teknikoak eskaini ditu.

Proba 09:30ean hasiko da eta zirkuituari hamar itzuli (170 kilometro) egingo dizkiote. Irteera eta helmuga Arkotxa eta Foruen arteko gurutze-bidean egongo da, epaitegien aurrean. Helmuga aldapa gora izango da, Ereaga hondartzatik eta hainbat ikusle eta zale bilduko dira bertan. “Mendiko saria helmugatik 60 metrotara gorago kokatuko da eta 4, 5, 6 eta 7. bueltatan puntuatuko da. Azken kilometroa plus bat gehiago izango da: 732 metrotako igoera %14raino dauden maldekin, eta hori da benetako gune beroa”, azpimarratu du. Brunetek aurten taldeak ekartzeko izan duten zailtasun handia nabarmendu du. “Ezinezkoa izan da talde profesional gehiago ekartzea beste nazioarteko probak daudelako baina espero dugu ekarriko ditugun 10 taldek ikuskizun polita eskaintzea”. Antolakuntzak 80.000 euroko aurrekontua du gastu zuzenetarako.

Aurten, Victor Gonzalo izango da ohorezko zuzendaria, 1990ean Getxoko Zirkuituaren irabazlea. Profesional izan zen 1989 eta 1992 urteen artean eta Reynolds, Banesto eta ClasCajastur taldetan aritu zen.

Lehenengo aldiz elkartasun-txosna bat kokatuko da helmugan Punta Galea Txirrindulari Elkartearen Eskolaren aldekoa izango dena.

Getxoko Udaltzaingoak trafikoari dagokionez neurri bereziak hartuko ditu bai lasterketaren aurreko egunean bai lasterketa egingo den eguneko goizean zehar, ekitaldiaren segurtasuna mantentzeko.

Zirkuituari buruz eta trafikoari dagokionez neurri bereziei buruz informazio gehiago www.puntagalea.comen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun