Gizon bat atxilotu dute Algortan bikotekide ohiari jotzea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko uzt. 24a, 13:52

Getxoko Udaltzaingoak 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, asteazkenean, uztailak 23, Algortan, genero indarkeria delitua egotzita. Tokiko iturriek zabaldutakoaren arabera, 34 urteko bere bikotekide ohiari aurpegian ukabilkada bat jo zion. Udaltzaingotik azaldu dutenez, erasoa astelehen goizaldean, hilaren 21ean, Algortako parke batean gertatu zen. Lekuko batek tokiko poliziei gertakizunen berri eman omen zien. Horiek bertaratu ziren eta andrazkoa banku batean jesarrita zegoela eta gorputzean ageriko lesioak zituela ikusi zuten. Horregatik, berehala, medikuen presentzia eskatu zuten eta horiek, andrazkoa aztertu ondoren, Gurutzetako Ospitalera eramatea erabaki zuten. Egin beharreko ikerketa burutu ondoren, Udaltzaingoak ustezko erasotzailea aurkitu eta atxilotu egin zuen atzo eta Getxoko Guardiako Epaitegira eraman, familia eremuan tratu txarrak ematea egotzita. Argazkian, Algortako Bilgune Feministak deituta 75 bat pertsonak Andina Pereira de Brito Mungiako bizilagunaren erailketa salatu zuten martxoaren 19an Algortan.

Halako gertakarietan ohi den bezala, Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak ustezko erasoa gaitzetsi du eta gogoratu du “indarkeria sexista giza eskubideen urraketa larria" dela; eta aldi berean, tratu txar fisiko edo psikiko jasaten dituzten emakume biktimak Gizarte Zerbitzuetara (944 660 151) jotzeko animatu ditu, "han egoeratik ateratzeko laguntza emango baitiete". Eigurenek gogoratu du Udaltzaingora (944 660 202) edo Ertzaintzara (944 063 420) ere joan daitezkeela, baita Eusko Jaurlaritzaren tratu txarren biktimen telefono zenbakira (900 840 111) eta SOS Deiak zerbitzura (112) deitu ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun