"Gorputz eta gogo moreak plazara! Festa dezagun gaurdanik geroa. Utzi pitokeriak!" lelotzat hartuz, gaur arratsalderako agerraldi masiboa deitu du Algortako Bilgune Feministak. Hitzordua 19:00etan jarri dute Telletxe plazan. Beraien asmoa herritar eta eragile guztiei datozen egun eta hilabetean gure herriko zein eskualdeko jaietan "sano parte hartzera eta gozatzera" dei egitea da. Izan ere, feministek salatu dunez, "bereziki, emakumeok normalean pairatzen ditugun hitz, keinu eta ekintzazko erasoak areagotu ohi dira jaien inguramenduan. Jendarte patriarkal, heteroarautu honetan emakumeon kontrako indarkeria egiturazkoa da, zoritxarrez, eta 'normal', 'onargarri' eta 'ohikotzat' ditugun gertakari gehiegi ikusten eta entzuten ditugu egunero arlo guztietan. Jai giroan, sarri, errazago gainditzen dira neurri eta mugak, ohartuta zein oharkabean". Argazkian, sexu indarkeriaren kontrako kontzentrazioa, artxiboko irudian.