Pertsona horiei, irribarre zabala eskaini didaten hainbati, baita apur bat despistatuta ibili direnei ere, nire esker ona, zinez. Zuek guztiak zaituztet gogoan une honetan.
Etapa bat amaitu da, baina oraindik ez da bukatu tourra. Jendeari bizimodu hobea emateko egiten dugu lan, jendarte justuago batean, non euskalduna izatea ez den zigortuko, emakume jaiotzeagatik inork ez dizun bizimodua mugatuko eta beste lurralde batetik etortzea ez den marjinazioaren sinonimo izango. Horixe da nahi eta behar dugun gizartea. Eta gauden lekuan gaudela, gutariko bakoitzari dagokigu beharra egitea helburuok lortzeko. Ezkerreko jendeak badaki erantzukizun politikoa norberarena dela, ardura ez dela delegatzen eta norbanakook kontsekuente izan behar dugula gure ideologiarekin.
Ezkerrekoak izateaz gain independentistak ere garen heinean, gainera, dema polita dugu aurrez aurre. Erabaki dezagun nolako harremana nahi dugun auzokoekin, inguruko estatuekin, eta aurrera eraman ditzagun erabakiok.
Tourra amaitu orduko "tourmalet" eta "pic du midi" batzuk gainditu behar ditugu oraindio, elkarlanean, indarrak bilduz. Prest nauzue nire garautxoa eskaintzeko, erizain, dendari edo irakasle gisa, gainontzekoekin batera. Beraz, adiorik ez eta bidean ikusi arte.
Laura Mintegiren gutuna.