Algorta, Areeta eta Itzubaltzeta / Romoko ostalaritza establezimenduek ohi baino ordu bat eta erdi beranduago zarratzeko baimena izango dute, bakoitzak dagokion jai-eremuan. Uztailaren 30etik abuztuaren 2ra luzatuko diren San Inazio jaiak izango dira Getxoko Udal Gobernuaren dekretua aplikatuko diren lehenak. Horren arabera, ostiral, larunbat eta jai-bezperan, lehenengo taldeko saltokiek (dastalekuak, izozki-dendak, txurro-dendak...) 02:30ak arte zabaldu ahal izango dute. Bigarren taldekoek (tabernak...) 04:30 arte, eta hirugarren taldekoek (pubak...) 06:00ak arte. Gainontzeko egunei dagokienez, 1. taldekoek 01:00 arte zabalduko dute; 2. taldekoek 03:00ak arte eta 3. taldekoek, 04:30 arte. Bien bitartean, terrazetan ohiko ordutegia izango da, 09:00etatik 23:00ak arte, baina ostiral eta jai-bezpera egunean ordubetez luzatu ahalko dute zarratzeko ordua (gauerdira arte) eta udaldian (irailaren 30era arte) 01:00etara. Txosnen ordutegiari dagokionez, zuzeneko musika 03:00etan amaituko da jai-bezperan eta 01:30ean astegun bezperan; musika, oro har, 05:00etan amaituko da jai-bezperan, 01:30ean jaietako azken egunean, eta 03:30ean gainontzeko egunetan. Txosnak musika kendu eta ordubetera itxiko dituzte. Argazkian, Sonia Lopez Iturregik jarri dio irudia Algortako San Inazio jaiei.