35/02 auziaren epaia kaleratu du gaur Espainiako Auzitegi Nazioalak. Magistratuek ezker abertzaleko 20 militanteri bat eta hiru urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri eta 103 herriko taberna itxi, bahitu eta Estatu Espainolari ematea agindu dute, erakunde terroristarekin kolaboratuz edo parte hartuz, herriko tabernen bidez ETA finantzatu zutelakoan. Eskualdeari dagokionez, Jose Luis Franco, Maite Amezaga eta Izaskun Barbariasi 15 hilabeteko zigorra jarri diete, seguru aski bete behar izango ez dutena. Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko Literatura irakasle eta eurolegebiltzarkide ohia, ordea, hiru urtez espetxeratzea agindu dute. Sabin del Bado Getxoko Udalaren langile ohiak, aldiz, absoluzioa jaso du. Bere garaian,
Getxoko PPk lanetik botatzea eskatu zuen Udalbatzan, "ETAko kide izateagatik". Uribe Kosta eta Erandioko herriko taberna guztiei eragiten die ixteko eta bahitzeko agindua. Litekeena da Branka, Erandioztarrak, Gorrondatxe, Hegoalde, Iretargi, Kurkudi, Mikelats eta Sei Herri elkarteen zein Franco, Amezaga, Barbarias eta Landaren defentsek, besteak beste, helegitea jartzea eta ikusi beharko da absoluzioa jaso duten pertsonen eta elkarteen aurka fiskalak errekurtsoa jarriko duen ala ez. Defentsek erraza izango dute argudioak biltzea, Clara Bayarri epaileak boto partikularrean batu baititu, auzipetu guztiak absobitu behar zirela iritzita. Gaur mobilizazioak deitu dituzte hainbat herritan. Tartean, 19:30ean, Leioan, Plaza Gorrian; 20:00etan Erandioko metro geltokiaren aurrean; Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan eta Sopelako BBVaren aurrean. Larunbaterako, Sortuk elkarretaratzeak deitu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, 12:30ean. Bilbokoa Arriaga plazan izango da. Argazkian, pasa den martxoan Brankaren alde Itzubaltzeta / Romon egin zen agerraldia.