Horrek dakarren ondorioa, hauxe: Polizia eta Guardia Zibila baldin badira jazarpenaren subjektuak, gero instrukzioaren egile faktikoak, beranduago epaiketan adituak eta, azkenik, sententziaren benetako idazleak, zertarako Audiencia Nacional deitzen duten epaitegi berezi horretako epaile, fiskal, idazkari eta gainontzekoen parafernalia guztia?
Erantzuna: jazarpen polizial hutsa dena zuritzen saiatu eta justiziaren arropaz janzteko. Alfer-alferrik kasu honetan, behintzat. Ezaguna denez, edozein sententziak duen egitura, oinarrian, bikoitza da; lehen atalean, auzipetu zehatzen aurkako gertaera frogatuak azaldu behar dira, eta bigarren atalean, ondorioetan, gertaera edo egintza horiek zigor kodearen arabera tipifikatu behar dira eta aurretiaz markaturiko zigor tipo zehatza ezarri auzipetu bakoitzari. Bada, kasu honetan, gertaera edo egintza frogatutzat aurkezten diren guzti-guztiak aktibitate politiko legal eta legitimoak baino ez dira. Baina bigarren atalean ezartzen zaien zigor tipoa zigor kodean terrorismo tipifikazioan dakarrena da. Horrela, adibidez, prentsaurreko bat eskaintzea eta han politikaz aritzea, "talde terroristan integratua" egoteagatik zigortzeko motibo bihurtzen dute sententzia honetan. Horren larri, horren zentzugabe.
Argi ikus daiteke, beraz, 35/02 sumarioko sententzia honek oinarrizko eskubide politiko eta zibilen praktika zigortzen duela kartzelaren bitartez eta herriko tabernak desjabetuz. Hain da argia ezen, hiruko epaimahaiko epaile batek boto partikularra ere idatzi duen, lotsak eraginda seguruenik, epaitu guzti-guztiak errugabeak garela azalduz. Baina ez du boto horrek balio, erabakiak balio du. Eta hemen dator galdera nagusia, kasu honetan zein beste askotan benetako gakoa dena: zergatik jokatzen du era horretan Audiencia Nacional horrek, edo haren gainetik daudekeen poliziaburu eta gobernuburuek? Zergatik, orain eta hemen, epaitu eta zigortu nahi dute aktibitate zibil eta politiko libre eta demokratikoa? Zergatik tematu dira duela hamalau urteko arma, tresna eta jukutria bertsuekin 2014 honetan? Erantzuna: politika demokratikoaren beldur dira. Euskal Herrira etorkizun libre eta demokratikoa ekarriko dugunon proposamenak eta argudioak errefusatzeko modurik ez dutelako, erabakitzeko eskubidea dugula eta erabili egingo dugula agertzen dugunean, hori nola ukatu ez dakitelako. Arrazoi politikorik gabe, arrazoi juridikorik gabe, era horretako sententziak, kartzela zigorrak eta polizien jazarpena beste indarrik ez dutelako.
Geurea da arrazoia eta geurea izango da aukera. Libre izateko baldintzarik ez digute eskaini nahi, bistan denez. Geuk eskuratu behar ditugu libre izateko baldintzak Euskal Herri osoan, Estatu eredu propioa prestatuz, adostasunean eta zehaztasunean. Hori izango da, era honetako sententzien aurrean, gure benetako errekurtsoa.
Karmelo Landa 35/02 auziko zigortua eta Leioa eta Erandioko campuseko irakasleak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua