Segurtasun Sailaren arabera, garrantzi berezia izango dute jaietan zirkulazioaren eta gai estupefazienteen kontsumoaren arloko prebentzioak eta zehapenak. Bestalde, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jai-ekitaldietan parte hartzen dutenei diru-zorroak eta ondasunak ongi zaintzeko eskatu diete, azaldu dutenez, lapurretan aritzen diren gaizkileak, zorro-lapurrak alegia, ugarituko baitira jaietara eta aurreikusitako kontzertuetara hurbilduko den jende andanak erakarrita.
Halaber, "alkatetzaren dekretuz xedatutako ordutegiak betetzeko orduan ere zorrotz jokatuko da, jaien gozamena eta gainerako pertsonen atsedenerako eskubidea bateragarri egiteko", Segurtasun Sailak berak nabarmendu duenez.