Historia osoan baino hiru aldiz gehiago hondatu dugu lur naturala azken 30 urteotan. Eta Getxo ere ez da salbuespena arazo honi dagokionez; lehengora itzuliz, getxoztar askok ez luke duela 50 urteko Aldapa auzoko argazki bat ezagutuko; edo ez luke jakingo Gobela inguruko uholdeak hain aspaldikoak ez direnik, ezta Itzubaltzeta / Romon ortuak egon zirenik ere. Oraingoan gure herria itxuraldatuko lukeen proiektu berria dugu Ibarbengoa metro geltoki ondoko parking erraldoia (Ingurumen Kaltearen Txostenik ere ez duena), non eta Tosu estratan, zeinean gazte batzuek urteak daramatzaten baratze komunitario baten proiektuan buru-belarri lanean.
Hau ez da ordea gazte batzuen eta parkinga eraiki nahi dutenen arteko afera hutsa, bi mundu ikuskera kontrajarrien arteko talka baizik: lekuan-lekuko kontsumoaren eta mugikortasunaren artekoa, nekazaritza ekologikoaren eta monolaborantza industrialaren artekoa, auzoen nortasuna mantentzearen eta uniformizatzailea den porlanaren aldekoaren artekoa… Finean, benetako jasangarritasunaren aldekoen eta bizitzeko Lurra halako hiru planeta beharrezko direla deritzotenen arteko talka.
Garapen jasangarriak txikizio handiak eragin ditu gurean, eta makinek utzitako olio-orbanek hedatzen jarrai ez dezaten, etsipenak jan ez gaitzan, Ibarbengoakp parkingaren aurkako erresistentzia kanpaketa antolatu dugu irailaren 1etik aurrera Getxoko Tosu estratan. Izaera iraunkorra izango du eta elkar ezagutzarako, autogestiorako eta erresistentziarako aldarria izango da. Bertan ekintza ugari antolatu ditugu: hitzaldiak, mahai-inguruak, eztabaidak, bertso-afariak, kontzertuak…
Lerrootatik erresistentzia oihu honekin bat egiten duen orori dei egiten diogu irailaren 1etik aurrera Tosura kanpin dendarekin bertaratu dadin, porlanaren gainetik nekazaritza defendatzera, etorriko diren belaunaldiek duela 50urteko Getxoko argazki bat behingoz ezagutu dezaten!
Uribe Kostako Lurralde Zati Planaren (LZP) Aurkako Asanblada