Algortako San Inazioetako jaietan "eraso arrazistak" eman direla zabalduz, hautsak harrotu zituen atzo
"El Correo Español" egunkariak; eta ez dira gutxi aipatu kazetaren eskutik berria zabaldu duten komunikabideak. Ildo berean, Imanol Landa Getxoko alkateak bere egin zuen "El Correo Español"-en bertsioa, ahalik eta lasterren
gaitzespen oharra plazaratuz. Bitartean,
Eitb.com agerkariak Getxoko Udalak emandako datuak aipatu zituen gertaerak baieztatzeko. Prentsa ohar hori, baina, ez da digital honetara heldu. Hainbat komunikabidek jaietan gertatutako lapurreta kopuruaren igoerarekin lotu dituzte liskarrak. Diru zorroak dozenaka aurki zitezkeen, jai eremuan botata; eta "baliteke horrek magrebtarren kontrako oldarraldia eragitea", telebistako tertulietan diotenez; horrelako jokabideei zein magrebtarren "estigmatizazioari" zilegitasuna eman gabe noski.
Iñigo Lamarca Arartekoaren gaurko hitzak tartean, bestelako iritziak entzun zitezkeen atzo Algortako kaleetan. Hainbat herritarren zalantzetako bat ondokoa da: "diru-zorroak lapurtzen harrapatu zituztelako eraso zituzten gazte magrebtar horiek?". Hala ere, gehienak bat zetozen "horrela izanda ere ez duela norberak zigorra jarri behar", udaltzain eta ertzainak baitaude lapurrak atxikitzeko. "Non ote zeuden?", bota zuen batek. Oraingoan ere balitekeela "justuek bekatarien erruz ordaindu" izana zioen batek baino gehiagok. Argazkian, Onda Vasca irratian eman du bere iritzia Lamarcak.