Garbiketa eta zarama batzeko zerbitzuak normaltasun osoz emango ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abu. 6a, 19:54

Getxoko Udalak bide garbiketa eta zarama batzeko udal zerbitzuaren jarraipena bermatuko duela baieztatu dute tokiko arduradunek, EAEko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak aipatu zerbitzuaren kontratua esleitzeko prozedura baliogabetzat jo duen arren. Agintari getxoztarrek azaldu dutenez, ebazpena joandako ostiralean, abuztuaren 1ean, jakinarazi zioten Getxoko Udalari, eta bertan aipatu administrazio-organoak INBISA sozietate anonimoak jarritako errekurtsoa partzialki baiesten du. Prozeduratik kanporatu eta zerbitzua beste enpresa bati esleitu ziotelako jarri zuten errekurtsoa. Erabaki horren aurrean, Udaletik adierazi dute garbiketa eta zarama biltzeko zerbitzua ez dutela etengo eta normaltasun osoz eskainiko dutela, gaur egun eskaintzen den baldintza berdinetan. Bestalde, Bozeramaileen Batzordea gaur bertan bildu eta gero, udal talde guztien presentziarekin, eta aipatu erabakiarekin eta bere oinarri juridikoekin desadostasuna erabatekoa dela aintzat hartuta, Udalak dagokion administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztuko du haren aurka Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean. Erabaki hori uda osteko lehenengo udalbatzan berrestea edo ez erabakiko dute, irailean. Horrez gainera, Udalak ebazpena bertan behera uztea eskatuko du Auzitegi Nagusiak epaia kaleratu bitartean.

Udalak adierazi du bide garbiketa eta zarama batzeko zerbitzua adjudikatzeko prozedura udalbatzatik bultzatu eta tramitatu zutela, baldintza-agiriak 2012ko abenduko osoko bilkuran onartu ondoren, Kontratazio Mahaiak lagunduta. Mahai horretan izan ziren udal talde politiko guztiak, eta horiek errekurtsoa aurkeztu duen enpresa baztertzea adostu zuten, aho batez. Erabakia udalbatzak berretsi zuen geroago, maiatzeko osoko bilkuran.

Zerbitzuaren kontratua CESPA eta ASASER enpresek osatutako ABEEari adjudikatu zioten 2014ko maiatzaren 27ko udalbatzan, zortzi urterako (urtebeteko iraupeneko ondoz ondoko lau alditan luzatu ahal izango delarik) eta 10 milioi euroko urteko zenbatekoarekin (aurreko esleipenarenaren kostua baino %15 gutxiago). Kontratuaren helburua, zortzi urtean hondakinen gaikako bilketaren %50eko zenbatekora iristea da, eta jasotzen dituen nobedadeen artean dago, 5. edukiontzia edo zabor organikoa gaika batzeko kontainer marroia ipintzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun