San Lorentzo Azoka hartuko du igandean Algortak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abu. 9a, 12:03

Igande honetan, abuztuak 10, San Lorentzo Azoka izango da Algortan berriro ere. Aurten San Nikolas eta Biotz Alai plazetan kokatuko dira 60 saltoki. Ohi denez, Getxoko Kultur Etxeak eta BBK-k antolatuta, goizeko 10etan hasi eta 14:30ak aldera amaituko da. Gauez, 22:00etan, Biotz-Alai abesbatzak jaialdia itxiko du urtero talde honen izena duen plazan eskaini ohi duen kontzertuaren bitartez. Goiz erdian, ekoizle askok nahitaezko hitzordua izango dute, Idiazabal jatorrizko deitura, barazki eta landareen lehiaketa tradizionalen eskutik. Urtez urte partaideak lehiaketa hauetan lehiatzen baitira. "Merkatu honetako produktuen kalitate eta dibertsitatea pizgarri nagusiak dira bisitarientzat, eta horiei esker, Getxoko San Lorentzo Bizkaiko azoka garrantzitsuenetako bat da. Izan ere, azken urteotan batez besteko bisitari kopurua 19.000 lagunekoa izan", azaldu dute tokiko kultur iturriek.

Azokako bisitariek goiz osoan zehar euskal baserriko produktu tipiko ugari erosi ahal izango dituzte, honakoak esaterako: barazkiak, frutak, gaztak, pateak eta ahatearen deribatuak, ogia, pastelak, eztia, sagardoa edo txakolina, apaindurako landareak eta urdaitegiko produktuak, besteak beste. Trikitilari eta gaitari taldeak egongo dira jai giroa animatzeko, horrela, bertaratzen direnek talo txorizoarekin, sagardoa edo bestelako produktu batzuk dastatu ahal izango dituzte kokaleku bakoitzean dauden txosnetan.

Kontzertu korala

Eguna bukatzeko, Biotz-Alai abesbatza San Lorentzoko jaiari amaiera bikaina emateaz arduratuko da. Horrela bada, bere ohiko kontzertua emango du Getxoko abesbatzaren izena daraman plazan bertan, 22:00etatik aurrera. Saioa doakoa izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun